Bertako 45 bertsolari izango dira Bizkaiko Taldekakoa txapelketan

Markinako Akerbeltzen Antxumak taldeko bertsolariak aurreko txapelketan. /  BERTSOZALE
Markinako Akerbeltzen Antxumak taldeko bertsolariak aurreko txapelketan. / BERTSOZALE

Sei taldeetan banatuta igoko dira taula gainera, hilaren 24an hasi eta maiatzaren 25eko finalagaz amaituko dan lehiaketan

IRATXE ASTUI BERMEO.

Bizkaiko Taldekakoa martxan dago. Oraingoz, hain zuzen be, Busturialdeko bertsozaleen lau taldek eta Lea Artibaiko beste bik izena emon dabe txapelketan parte har-tzeko. Guztira, zonaldeko 45 lagun igoko dira taula gainera datozen egunetan. Bizkaiko Taldekakoa 2017an egin zan lehenengoz, eta aurten, beraz, bigarren edizioa izango dau. Hogeita bat taldek parte hartuko dabe lehenengo fasean, eta hiru helduko dira maiatzaren 24an jokatuko dan finalera.

Lehenengo fasea hilaren 24an hasi eta martiaren 25era bitartean jokatuko da. Bigarrena, bestalde, martiaren 27tik maiatzaren 13ra burutuko da, eta finala, azkenez, maiatzaren 25erako iragarrita dago, Bizkaiko eskolarteko finalarekin batera. Bertso txapelketa honen bitartez, oinarrian eragin gura da; «hau da, bertso eskolak eta eskualdeak indartu gura dira», zehaztu dabe Bizkaiko Bertsozale Elkartetik.

Horretarako, gune ludiko bat eskaintzea da alkartearen asmoa. Taldekakoa giro informalean eta jai-giroan gauzatzea da helburua. Busturialdea ordezkatuko daben taldeak lau izango dira: Dolu gabe (Koldo Gezuraga, Mikel Retolaza, Unai Agirre, Asier Galarza, Imanol Elgezabal eta Jon Rementeria), Itsosupetekuek (Ander Elortegi, Eneko Aldana, Leire Garatxena, Aitor Etxebarriazarraga, Nagore Beitia eta Iñaki Aurrekoetxea), Punta Batekoak (Jon Arano, Iker Uriarte, Lurdes Ondaro, Beñat Bilbao, Ibai Amillategi, Roke Alberdi eta Julen Karrion) eta eskualdeko bertsolari beteranoenak batuko dauzen Zahar-alive (Julen Arzanegi, Onintza Enbeita, Inazio Gonzalo, Xabier Enbeita, Alain Cubero, Xabier Arriaga, Joseba Uribarri eta Julen Ibarguengoitia).

Saio egunak

Lea Artibaitik, bestalde, Markina Xemeingo Akerbeltzen Antxumak (Maddi Ibaibarriaga, Eneko Arrate, Graxi Arregi, Irati Brabo, Jone Antsotegi, Joseba Sololuze, Josune Aramendi, Nahia Ibarzabal, Naroa Loiola eta Nerea Ibarzabal), eta Lekeitioko Poto (Aissa Intxausti, Jon Garatea, Xabat Galletebeitia, Ander Goikoetxea, Aitor Ruiz, Oier Azula, Aitzol Goitia eta Aitor Arrizubieta) izango dira. Hilaren 24an burutuko da lehenengo saioa, Getxon hain zuzen be, Algortako Patxeko tabernan, 17.00etan. Han izango dira Tronperrieta, Tosu bizirik eta Anubix! taldeak.

Zonaldeko bertsolarien hitzorduen agenda, barriz, martiaren 15ean, Errigoitin, jokatuko dan saioagaz hasiko da. Egun horretan, Poto eta Zahar-alive taldeek kantatuko dabe. Bi egun beranduago, domekaz, Itsosupetekuek eta Punta batekoak taldeetako bertsolarien txanda helduko da. Saio hori Gernikan egingo da. Akerbeltzen Antxumak eta Dolu gabe taldekoek martiaren 22an jokatuko dabe, Markinan.

Temas

Bermeo