«Auzoak batu eta herri bat eraiki» gura dabe Bilduko hautagaiek Elantxoberako

IRATXE ASTUI ELANTXOBE.

Elantxobek «beharrizan asko» daukazala deritxo Patxi Egurrolak, kostaldeko udalerriko EH Bilduko alkategaiak. Besteak beste, mugikortasun aldetik, «bultzada handia» emon behar jakola herriari, eta horrezaz ganera, «aparkaleku barriak egin eta dagozanak erregulatzea» beharrezkotzat jotzen dau koalizio abertzaleko zerrendaburuak.

'Zurekin Elantxobe gara' lelopean, EH Bilduk beste proposamen batzuk defenditzen dauz bere hauteskunde programan. «Auzo desbardinak batu eta herri bat eraiki» da formazio politikoaren helburuetariko bat, hain zuzen be. «Leunbe, Kanposantu, Bidebarri, Erdikali, Portu... dana da Elantxobe, baina askotan ez da igarri be egiten», dinoe.

Ekonomia arloan, herriko enpresa, autonomo eta langilei «babes osoa» eskainiko jakela ziurtatzen dabe EH Bildutik. «Turismoari lotuta dagozan ostalaritza negozioak eta baita ekimen zein proiektuak be, bultzatuko doguz, 'Elantxobe' marka indartuz». Kanposantutik Porturainoko kaltzada barrizteko planan lan egiteko asmoa agertu dabe Patxi Egurrolaren hautagai zerrendatik. Osasun sailari jagokonez, «desfribiladoreak behar dira herrian», azpimarratu dabe, baita be.

Patxi Egurrola, Elantxobeko EH Bilduko alkategaia zinegotzi lanak bete izan dauz Udaletxea azken legegintzaldian. Kazetaritzan munduan 15 urte lanean ibili eta gero, irakasle da orain, eta arraun taldearen ardura dauka. Berezkoa dauka «besteei esku bat botatea».