Alex Sardui eta Izaro Andres galdera librean ibiliko dira Gernikako gazteakaz, bihar

IRATXE ASTUI GERNIKA-LUMO.

Iametza Interaktiboak antolatuta, Gernikako Udala, Gaztelekua eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, Kuxkuxeroak izeneko egitasmoaren lehen saioa egingo da, bihar, Gernikan. Esperientzia pilotuak gazteen euskararen erabileran eragin gura dau, «erreferentzialtasuna landuz, eredu izan daitekezen pertsonakaz galdera librean arituz, naturaltasunez, euskaraz», azaldu dabe ekimenaren antolatzaileek.

Gernikako saioa Kultur Etxeko Elai Alai aretoan egingo da, 19.00etan hasita. Solasaldian, Alex Sardui gernikarra eta Izaro Andres abeslariak izango dira, 12 eta 16 urte bitarteko gazteakaz, hain zuzen be. Aretora sartzeko, ez da aldez aurretik izena emon beharko, eta plazak betetzen diran arte egongo da sartzeko aukera.

Hedabidetan agertzen diran pertsonaiak -aktoreak, musikariak, kirolariak- «gazteentzat jainko txikiak izanik, euren portaerak kopia-tzeko ohitura izan ei dabe», azaldu dabe Gernikako Udaleko Euskara sailetik. Pertsonaia horiekiko hizkuntzaren erreferentzia euskara izatea, beraz, gazteen artean euskararen erabilerari laguntzeko egin daitekeen ekarpenetako bat da.

«Azken finean, euskarak erreferentzialtasuna behar dau, bitarteko eta planteamendu desberdinekin», baieztatu dabe egitasmoaren bultzatzaileek be bai. Kuxkuxeroak egitasmoak bitarteko eta planteamendu horietako bat izan gura dau.

Saioan parte hartuko dabezen gazteek aldez aurretik, www.kuxkuxeroak.eus webgunearen bidez Alex Sardui eta Izaro Andresi egin gura deutsiezan galderak bidaltzeko aukera eukiko dabe. Kuxkuxeroak egitasmoa abendua eta 2018ko urtarrila bitarte gauzatu gura dabe.

 

Fotos

Vídeos