Memoria historikoaren mintegia Gernikara bueltatuko da
Lehenengo ekitaldia joan den apirilaren 7an egin zen Bakearen Museoan, 'Memoriaren memoria eza' izenburupean. Oraingoan 'Memoriarako Artea' izenarekin dator
elcorreo.com
Lunes, 13 de junio 2016, 02:35
Memoria historikoaren inguruko nazioarteko bigarren mintegia egingo du Gernikako Bakearen Museoa Fundazioak ostegunean, ekainaren 16an, 'Memoriarako Artea' izenburupean, udalerri bizkaitarreko Elai Alai aretoan, fundazioaren arduradunek jakinarazi dutenez.
Ia 18 urte pasa dira (1998eko apirilak 7) Gernika Museoak (gaur egun Gernikako Bakearen Museoa) bere ateak zabaldu zituenetik, 1937ko apirilaren 26an (Gernikako bonbardaketa) gertatutakoa gogorarazteko eta ezagutarazteko asmoz. Adin nagusitasun hori ospatzeko, Gernikako Bakearen Museoak eta Dokumentazio Zentroak, memoria historikoaren inguruko bi nazioarteko mintegi antolatu dituzte.
Horrela, lehenengo mintegia joan den apirilaren 7an egin zen Bakearen Museoan, 'Memoriaren memoria eza' izenburupean, eta gaia jorratu zuten aditu ugariren parte hartzea izan zuen. Orain, ekainaren 16an, Bakearen Museoak bigarren mintegia egingo du, 'Memoriarako Artea' izenburupean.
Ismael Manterola, Juanjo Novella, Josu Rekalde, Oihane Iraguen, Amaia Molinet, Juan Arturo/Fito Rodriguez, Pablo Orduñez, Miriam Isasi, Jesus J. Alonso Carballés, Camilo Torres, Eduerne G. Ibañez, Oier Gil eta Josu Zubiaur aditu eta artistak izango dira mintegiaren programan.
Antolatzaileek azaldu dutenez, memoria maiz erabilitako gai bat da egungo praktika artistikoetan. Gertakariak gogora ekartzeko duen indarra "enuntziazio eremu egokia da subjektibitaterako eta artearen poetiketarako". Dena dela, artea eta memoria lotzeko modu asko daude, eta, 'Memoriarako Artea' jardunaldiaren bitartez, agerian utzi nahi da egungo praktika artistikoek diskurtsoa eta ekintza sortzeko tresna gisa duten gaitasuna, memoria historikoa berreskuratzeari begira.
Mintegian izango diren egileen xedeetako bat da hitzak edo irudiak bilatzea "egunerokotasunaren erritmo asaldatuak desagerrarazten duen hori adierazteko", eta, horrekin batera, "guk geuk gogoeta egitea historiaren eginkizunari buruz, memoriaren errepresentazioari buruz eta besteen memoriaren administrazioari buruz".
Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan egingo den bigarren mintegian partehartzea doakoa izango da eta interesa duen edozein pertsonari zabalik dago. Inskripzioa on line egin behar da honako helbidean: http://goo.gl/forms/3kHAMWfzSUzufMEV2