1.700 dokumentu eta argazki zahar jaso dauz dohaintzan Bermeok

Hilario Aurtenetxe bere argazki zaharren bilduma erakusten Udaleko artxiboan. / BERMEOKO UDALA
Hilario Aurtenetxe bere argazki zaharren bilduma erakusten Udaleko artxiboan. / BERMEOKO UDALA

Herriaren historiari lotutako erreferentziak Hilario Aurtenetxe bermeotarrak Udalari eskainitakoak dira

IRATXE ASTUI BERMEO.

Altxor handia jaso barri dau Bermeoko Udalak Hilario Aurtenetxe herritarraren eskutik. Izan be, kostaldeko historiaren sasoi ezberdinak jasotzen dabezen 1.700dik gora argazki, dokumentu, artikulu, bideo edota panfleto dohaintzan emon deutsoz Aurtenetxek Bermeoko Udalari. Argazkirik zaharrena 1837. urtekoa da eta irudiak zein beste motatako materialak «artxiboan gordeko dira, Bermeoko ondarearen parte garrantzitsua baitira», iragarri dabe Udaleko iturriek. Bermeoko herria urteetan zehar zelan aldatu dan ikus daiteke argazkietan, eta baita be, herriaren historiaren momentu garrantzitsu eta ezberdinak eta bermeotarron ohitura, lan eta bizitzeko erak be. «Adibidez, Bermeoko emakumeen lehenengo orfeoiaren argazki bat dago, 1917. urtekoa, hain zuzen be», zehaztu dabe.

Hilario Aurtenetxek eskainitako materialaren barruan aurkitzen dira, besteak beste, «trena eta anbulatorioaren inaugurazioa 1955. urtean, frontoiaren argazki ezberdinak, Talaieroaren inaugurazioa eta futbol zelaiaren historia osoa, esate baterako».

Portuko irudiak

Horrez gain, toki ezberdinen aldaketak jasotzen dabez argazkiek eta eraikin garrantzitsuenetarikoen inaugurazio ekitaldiak be bai: Kofradi barria, Musika eskola edo Lanbide Hastapen, beste batzuen artean. «Izaron lehenengo aldiz Bermeoko ikurriña ipini zanean be ikus daikegu argazkietan», argitu dabe.

Antzinako Bermeoko portuaren argazki asko be dohaintzan eskaini deusoz Aurtenetxek Bermeoko Udalari. Besteak beste, arrantzaleak lanean, emakumeak lanean portuan, itsasontziak, portua bera, Erreten edo sasoi bateko labaderooa be ikus daitekez horreetan.

Argazkiak ez eze, beste erreferentziak be jaso dauz Udaleko artxiboak. «Alderdi politiko zein sindikatuen esku-orriak eta dokumentuak gorde dira eta artikuluen tartean, 'El Alcazar' egunkariak lehenengo Dakarreko kanpainei buruz idatzitakoa», azpimarratu dabe.

«Ondare historiko garrantzitsua da eta dohaintzan emotea benetan eskertzekoa da», esan dau Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek.

Temas

Bermeo

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos