Zinegoak 'The Death and Life of Marsha P. Johnson' eskainiko du Bilbon

Emanaldia gaur bertan izango da Bilborock aretoan

ELCORREO.COM

Zinegoak Bilboko LGTB Zine eta Arte Eszenikoen Nazioarteko Jaialdiak 'The Death and Life of Marsha P. Johnson' dokumentala estreinatuko du Euskal Herrian gaur, Bilborock aretoan antolatu duen emanaldian. Tribeca jaialditik igaro ondoren eta Netflix konpainiak telebistan estreinatu aurretik ikusi ahalko da dokumentala Bilbon.

Modu honetan, Zinegoak jaialdiaren antolakuntzak «kalitatezko zinema eta kulturaren aldeko apustuari eutsi eta ildo horretatik jarraituko du, urte osoan antolatzen diren sexu, identitate eta genero aniztasunarekin loturiko ekitaldiak eta jarduerak ospatzeko, aldarrikatzeko eta agerian jartzeko».

Jaialdiaren arduradunen esanetan, LGTB komunitatearen askapenerako egunaren jatorrian dauden Stonewall tabernako gertaerak aipatzen direnean, gutxitan entzuten dira Marsha P. Johnson, Sylvia Rivera, Storme DeLaverie edo Miss Major izenak.

1969ko ekainaren 28an, trans, drag emakume, prostitutu eta New Yorkeko Greenwich Village auzoko taberna horretako bezero guztiek poliziari aurre egitea erabaki zuten, behin eta berriz gehiegikeriak jasaten zituztelako tabernan egiten ziren polizia operazioetan. Horrela, errebolta inprobisatuak sortzen joan ziren, eta data hori LGTB komunitatearen askapen eguna bihurtuz joan zen. Gaur egun ia mundu osoan ospatzen da.

Halere, protagonista horiek kontakizun historikotik desagertuz joan ziren -immigranteak, beltzak, latinoak, horietariko asko prostitutak-. Zineman ere nekez aurkitzen dira. Horrela, Stonewalleko gertaerak kontatzen dituen azken filma Roland Emerich zuzendariarena da, eta LGTB komunitatearen zati handi batek «historia zuritzea eta maskulino bihurtzea» leporatu zion.

Emakume trans eta drag horien adoreari bizirik eusteko asmoz, Zinegoak jaialdiak Marsha P. Johnsoni buruzko azken dokumentala eskainiko du, doan. Dokumentala Tribeca zinemaldian estreinatu berri da duela aste batzuk.