Udalak eta Athletic Fundazioak lau proiektu sozial garatuko dituzte
Bizitegi, Adsis, Bakuva eta Ahalegina hirugarren sektoreko elkarteen beste horrenbeste lan dira abiaraziko direnak
elcorreo.com
Domingo, 22 de mayo 2016, 01:54
Bilboko Udalak eta Athletic Fundazioak bi lankidetza hitzarmen sinatu dituzte kirola sustatuz gizarte izaerako lau proiektu garatzeko eta horien premiak betetzeko. Programek kirola gizarteratzeko tresna izatea sustatuko dute. 2015-2016 eta 2016-2017 denboraldietarako sinatu dituzte hitzarmenak bi erakundeak. Bizitegi, Adsis, Bakuva eta Ahalegina hirugarren sektoreko elkarteen beste horrenbeste proiektu dira abiaraziko direnak. Horretarako Bilboko Udalak doan lagako dizkio udal instalazioak Athletic Club Fundazioari, lankidetzan aritzen delako elkarte horiekin, proiektu horiek garatzeko.
Zehazki, Bizitegi proiektua etxerik gabeko pertsonentzat da. Programa gauzatzeko futbol 7rako zelai bat eta aldagela bat lagako ditu Bilbao Kirolak erakundeak. Adsis proiektua espetxean egondako pertsonentzat da, eta egitasmoa gauzatzeko futbol 7rako zelai bat eta bi aldagela utziko zaizkie Mallonan.
Halaber, Bilbo Zaharra-Miribilla aldean gizarte bazterkeria jasateko arriskuan dauden adingabekoentzat da Bakuva elkarteak garatzen duen proiektua, eta Bilboko Udalak Errekaldeko kiroldegiko errugbi zelaia lagako dio. Azkenik, desgaitasun intelektuala duten adingabeak dira Ahalegina elkartearen hartzaileak. Bilbao Kirolak erakundeak Zorrotzako kiroldegiko modulu bi, aldagela bi eta materiala gordetzeko armairu bat utziko dizkio elkarteari.