Getxoarte 2016n parte hartzeko izena emateko epea zabalik izango da maiatzaren 6ra arte
Jasotako proposamen guztien artean 30 hautatuko dira, eta azaroaren 4tik 6ra egongo dira ikusgai Areetako Geltokia plazan kokatuko den Praktika Garaikideen Aretoan
elcorreo.com
Domingo, 17 de abril 2016, 01:21
Getxoko Kultur Etxeak Getxoarte 2016ko programa orokorrean izena emateko epea zabaldu du, eta parte hartu nahi duen artista orok bere proiektuak aurkeztu ahal izango ditu maiatzaren 6ra arte. Jasotako proposamen guztien artean 30 hautatuko dira, eta azaroaren 4tik 6ra egongo dira ikusgai Areetako Geltokia plazan kokatuko den Praktika Garaikideen Aretoan.
Getxoarteren programa orokorra 18 urtetik gorako artistei zuzenduta dago, merkataritza ordezkaritza izan ala ez, Euskal Autonomia Erkidegokoak (EAE) zein kanpokoak. Hautatutako proposamenen %80 euskal artistenak izango dira, eta gainerako %20, Estatu espainiarrekoenak. Azokan parte hartzeko oinarriak Getxoko kultur etxeetan eta www.getxo.eus/getxoarte webgunean daude.
Hautaketara banakako zein taldekako proiektuak aurkez daitezke eta, behin proposamen guztiak bilduta, artearen munduko profesionalek osatutako epaimahaia arduratuko da hautaketaz. Hautatuen izenak ekainaren bigarren hamabostaldian jakinaraziko dira.
Halaber, hautatutako artistek Getxoarte Saria-Eskurapena eskuratzeko aukera izango dute: aretoan erakutsiko diren lan guztien artean, epaimahai batek bat aukeratuko du eta Arabako Artium Museoko Getxoarte Bildumari gehituko da eta artista irabazleak 2.000 euro jasoko ditu.
Ekimen honen bitartez artea eta praktika garaikideak edozein adierazpenetan bultzatu, hedatu eta sustatu nahi da. Ez da soilik erakusketa programa bat, eta helburua da «lehen urratsetan hautatutako artistak gidatzeko, laguntzeko eta aholkatzeko euskarri izatea», bere arduradunek esan dutenez. Horretarako, dosierra prestatu eta aurkezten den unetik aurrera, proiektua hautatu, ekoitzi eta erakusketan jarri bitarte, artistek akonpainamendu eta mentorizazio prozesuan hartuko dute parte.
Horrekin guztiarekin ikaskuntza prozesua sustatu nahi du Getxoartek. «Aretoan artistek beren piezak baldintza profesionaletan erakutsiko dituzte, sortze prozesuaren inguruko hausnarketa egingo dute eta bitartekaritza bideak eta agenteak ezagutu eta publikoarekin harremanetan jartzeko aukera izango dute», azaldu dute.