Txurdinaga eta Otxarkoagako XII. Magia topateka
Ilusionismoaren oinarrizko printzipioetan zentratuko den magiaren hastapeneko ikastaroa Mago Taylorrek eskainiko du, eta arte eszenikoetako artistei zuzendutako mintegia, berriz, Imanol Ituiñok
elcorreo.com
Jueves, 7 de abril 2016, 00:04
Magiak, Otxarkoaga eta Txurdinaga auzoak biltzen dituen Bizkaiko hiriburuko 3. barrutia hartuko du maiatzean, eta berriro ere arte horren zaleen topaleku bilakatuko da, prestidigitazioaren munduan lehen pausoak eman nahi dituztenen topaleku, batez ere.
Bilboko Udaleko Kultura Sailak, Txurdinaga eta Otxarkoaga auzoetako Merkatarien Elkarteekin elkarlanean antolatu duen programak, hastapeneko ikastaroa, profesionalei zuzendutako mintegia eta amateur mailako 'Atera ezazu barruan daramazun magia' lehiaketaren hirugarren edizioa biltzen ditu, kalean eskainiko diren emanaldiak eta Otxarkoagako Udaltegian eskainiko diren beste batzuk ahaztu barik.
Mago Taylorrek Otxarkoagako Udaltegian eskainiko duen magiaren hastapen ikastaroa, magiaren artea hobeto ezagutzeko interesa duten 16 urtetik gorako guztiei dago zuzenduta. Magoak ilusionismoaren oinarrizko printzipioak eskainiko dizkie bertaratutakoei, partaideek kartekin, sokekin eta bestelako materialekin jolasak egiten ikas dezaten. Bizkaiko Mago Ilusionisten Elkarteko presidentea den mago beterano honek ibilbide luzea du eszenako magian, hurbileko magian, umorezko magian eta, horrez gain, aditua da talde txikietan egindako magian (mahairik gabea).
Beste alde batetik, magia mintegia Imanol Ituiñok eskainiko du, eta arte eszenikoekin erlazionatutako pertsonei dago zuzenduta, izan ere, ilusionismoa, antzezle askok euren prestakuntzaren parte gisa erabili dezaketen tresna baita, ondoren antzerkian eskaini ahal izateko. Imanol Ituiño ilusionismoaren promesa gaztea da, hurbileko magia espezialitatean gero eta garrantzi handiagoa lortzen ari dena. Modalitate hori ikus-entzuleengandik gertu egiten da, jende gutxiren aurrean, jolas interaktiboekin.
III. Magia lehiaketa
Magia Topaketek Amateur mailako Magia Lehiaketa antolatuko dute hirugarren urtez jarraian. 'Atera ezazu barruan daramazun magia' goiburua eramango du, eta profesional izan barik, eszenatoki baten gainean magia efektu edo trukoren bat egiteko adina ezagutza eta praktika duten 16 urtetik gorako pertsona guztiek hartu ahal izango dute parte. Interesatuek, 2 eta 10 minutu arteko iraupena duen bideoa bidali beharko dute, gutxienez bi magia efektu erakutsiz, www.kulturabarrutik.eus/magia helbidera. Lehiaketarako bideoak aurkezteko epea maiatzaren 1etik 15era bitartekoa izango da.
Aukeratutakoek, maiatzaren 25ean, arratsaldeko 19:30ean, Otxarkoagako Udaltegian, egingo den ekitaldian hartuko dute parte. Bertan hiru sari emango zaizkie partaide hoberenei, Txurdinagako eta Otxarkoagako Merkatarien Elkarteen laguntzari esker. Irabazleak, 300 euroko esku-diru saria eramateaz gain, hurrengo urteko Magia Topaketetan parte hartzeko aukera ere izango du. Bigarrenak eta hirugarrenak ere esku-diru saria 200 eta 100 euro, hurrenez hurren eta akreditazio diploma jasoko dute.