Sexu askatasunaren aldeko Afrikako borroka irudikatzen duten erakusketa

Zinegoak 2016./
Zinegoak 2016.

Amnesty International Euskadi erakundeak eta Zinegoak jaialdiak antolatutako ekimenaren xedea «herritarrak sexu, afektu eta familia aniztasunaren aurrean sentsibilizatzea» da

ELCORREO.COMbilbao

Afrikako bost lurraldetan sexualitatea askatasunez bizitzeko borrokan dabiltza. Hau erakutsiko duen argazki erakusketa bat izango da ikusgai gaurtik Bilboko kaleetan, hain zuzen ere. Amnesty International Euskadi erakundeak eta Zinegoak jaialdiak antolatu dute erakusketa. Hauek, Bilbao Historiko Elkartearen eta Alde Zaharra, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako Merkatarien Elkartearen laguntza ere izan dute.

Erakusketaren inaugurazioarekin hasiko dira Zinegoak Bilboko Gaylesbotrans Nazioarteko Zinemaldiak antolatutako ekintzak. Jarduera horien asmoa da «herritarrak sexu, afektu eta familia aniztasunaren aurrean sentsibilizatzea», bere arduradunek adierazi dutenez.

Erakusketaren izenburua 'Maitatzea ez da delitua' da. Formatu handiko 27 irudiz osatuta dago, eta Alde Zaharreko eta San Frantziskoko 27 taberna, jatetxe eta saltokitan egongo dira ikusgai. «Lortu nahi dugun helburua da jendeak bere egunerokotasunean argazkiekin topo egin dezala eta argazkiok hausnarketarako deia izan daitezela; guztiok sexualitatea askatasun osoz bizitzeko dugun eskubidearen inguruko hausnarketa», azaldu du Aimar Rubio Amnesty International erakundeko aniztasun taldeko kideak.

Argazkiak Kenia, Hegoafrika, Kamerun, Zanbia eta Ugandan hartuak dira. Hauen bidez, aurpegia jarri nahi diete euren bizitza arriskuan jarriz, libre maitatzeko eskubidea defendatzeko borrokan dihardutenei. Gainera, omenaldi berezia da, «maitatzea ez dela delitua defendatzeagatik bizitza galdu duten Noxolo Nogwaza eta Jean-Claude Roger Mbedéri».

«Erakusketaren bitartez, errealitate gordinak ekarri nahi ditugu gogora, modu positiboan. Esaterako, homosexualitateak munduko 80 herrialdetan ilegala izaten jarraitzen duela, edo lau eta hamar urte arteko kartzela zigorra ekar dezakeela. Afganistan, Pakistan, Saudi Arabia edo Iranen, besteak beste, heriotza zigorra jasotzeko arriskua dute homosexualek», azaldu du.