Andereño batek bere ikaleei klase ematen.

Nor-Nori-Nork

Alderdi politikoen nortasuna mugatzerakoan, euskararen aurrean adierazi duten jarrera erabakigarria izan da Euskal Herrian. Apal agertu direnek ez dute ahalegin handirik egin berau benetan sustatzeko, eta aldeko askok ere ikur soil modura hartu dute gehiegitan, hizkuntza batek erabilera behar duela ahaztuta.

joseba arruti

Lunes, 23 de febrero 2015, 02:43

Euskararekiko jokabidea funtsezko osagaia izan da Euskal Herriko alderdi politikoen arteko dialektika, harremanak eta jarrerak zehazterakoan. Guztiek adierazi dute bere sustapenaren aldeko direla, baina hortik aurrera nork bere epeak eta baldintzak ezarri nahi izan ditu. Koherentzia mailan eta hizkuntzari erakutsitako gertutasunean ere aldea nabarmena da. Gaztelera ia hutsezko jarduera politikotik euskaldundu nahi izan duenik badago, diglosia gizentzera besterik ez daraman bidetik, eta euskara batik bat aurkari politikoa xaxatzeko baliatu duenik ere egon da bazterretan. Gehiegitan, komunikatzeko tresna gisa baino, alderdikerien araberako ikur modura astindu dute. Eta hainbatetan, euskararen mundua monopolizatu nahia antzeman zaie zenbaitzuei, gainerakoak hortik urruntzeko asmoz edo. Aske izateko maite duten asko behar ditu euskarak, sakon ezagutu eta pentsamolde anitzak adierazteko eta trukatzeko erabiliko dutenak.

Publicidad

Euskal Autonomia Erkidegoan 1982ko Euskararen Legeak gutxieneko adostasun esparru bat sortu zuen, gerora garatu eta zabaldu beharrekoa. Nafarroan ez da horrelakorik gertatu, baina aurreko astean Parlamentuan onartutako erreformak hori alda lezake, neurri batean. Legeak ez-euskalduntzat jotzen duen eremuan ere D eredua eskainiko da sare publikoan. Zonifikazioa nolabait gainditzen duen urrats honen inguruan bildu dira UPN eta PPN ez diren gainerako guztiak, eta aldaketa sakonagoetarako abiapuntua izan liteke.

Euskarari buruzko eguneroko jarrerek asko diote alderdi bakoitzak euskal nortasunaren funtsezko ezaugarrien aurrean dituen pultsioez. Luzaroan debekatuta eta jazarrita egon ostean, Gernikako Estatutuaren onarpenaz geroztik ofizialtasuna lortu zuen. Legearen babesak aurrerapauso nabarmenak ahalbidetu zituen, baina edukiz bete arte oraindik hamarkadak igaroko dira. Prozesua, hala ere, azkar joan da hainbat ikuspuntutatik: hizkuntzaren batasunari dagokionean, hezkuntzan, kulturan eta, neurri batean, baita hedabideetan ere. Erakundeetan, ostera, gaztelerak jarraitu du jaun eta jabe izaten, eta egindako itzulpen trakets samarrekin estali nahi izan dira gabezia baino gehiago zulo izan diren horiek. Politikoek, orohar, salbuespen batzurekin, maiz hitz egiten dute euskarari buruz baina gutxiegi euskaraz.

Noizean behin, inposizio, diskriminazio eta antzeko berba gordinekin lotu nahi izan da hizkuntzaren sustapena, historian zehar euskal hiztunek horien berri zuzen-zuzenean izan dutenez horrelakorik beste inorentzat nahi ez dutela ahaztuta. Aurrera egin behar horretan ahalik eta herritar gehienak ezinbesteko zirela eta, euskaldungoak pazientzia historiko handiz ekin dio, eta legearen eta errealitatearen arteko kontraesan ezin nabariagoen aurrean ulerkor eta eskuzabal jokatu du. Legeak koofizial modura hartzen dituen hizkuntzetan elebidun direnek ez dute arazorik integrazio mailan. Euskararen munduan nahi duten neurrian murgil daitezke, eta gaztelerak zabaltzen dituen aukera anitzez ere baliatzen dira. Ingelesa, frantsesa edo beste edozein hizkuntza ere menperatzen dutenek, oraindik aukera gehiago izango dute. Denak dira osagarri eta aberasgarri, bertokoetatik hasita. Hezkuntza elebitakoa izaten hasi zen garaikoak izanda elebakartasunean tinko jarraitu dutenek, aldiz, nekez lagunduko dute orekak eta konplizitateak bilatu eta benetako aniztasunaren aldeko apustua egiten. Norbere axolagabekeriak eta hezkuntzako hizkuntza ereduetako sistemaren hutsek zuzen eragiten dute egoera hori betikotzerakoan. Elebitasun erreala bermatzen ez duten ereduek ez dute balio, bi hizkuntzak ondo menperatzeko helburuari dagokionean ez baitira eraginkorrak.

Euskarazko hiztun komunitateak kontsumituko duena luze-zabalagoa egiteko, autokritika ere beharko da ziurrenik. Gehiegizko kutsu ideologikoa dute zenbait produktuk, eta erabat lerrotutakoak ez direnek irentsi ezinezkoak dira. Edukiei buruz ere, barrura begirakoaz gain, kanpokoa aintzat hartzen duenari leku gehiago eman beharko zaio. Euskarak ez du ideologiarik, berau gehien babesten dutenek izan arren, eta denen ahotan egoteko desafioari eutsi behar dio etengabe.

Publicidad

Arlo politikoan, etapa bat amaitzen ari da. Estatus politiko berriari buruz eztabaidatzeko prestatzen ari dira alderdiak. Gernikako Estatutuak zabaldutako bidean sakontzeko asmoa aurreratu dute hainbat buruzagik. Euskararen sustapena bultzatzeko ere baliatu behar da aldaketa hori, azken hiru hamarkadotako balantzea egin ostean asmo onetatik gero eta ekintza zehatzagoetara jauzi egiteko. Inoiz baino posibleago behar du. Euskararen Aholku Batzordeak behin eta berriz frogatu du jatorri eta pentsamolde ezberdinetako hainbat lagunek hizkuntzaren inguruko adostasun oparoa lor dezaketela. Inor ez baztertzeko konpromisoa berresteari ekin behar zaio, baina 2015ean inork ezin du bere burua baztertu gero errua besteei leporatzeko.

Euskararena alderdien agendako gai garrantzitsuen artekoa izan behar da, eta ez eztabaidarako, lortutakoan benetan sakontzeko eta inmigrazioarena bezalako fenomeno berriak aintzat hartzeko baizik. Hizkuntza Politikarako sailburuordetza lan ezin hobea egiten ari da, bokazio integratzailea eta akulu lana tartekatuz. Hori egitea dagokio, eta horretan jarraitu behar du, gizartearen gehiengo zabalaren sostenguarekin. Elebidun izateak osoago egiten gaitu gizarte modura, gu guztion ikuspegiak aberasten dituelako.

Publicidad

Euskarak bere bidea egin behar du, diglosia behin betiko akabatu eta benetako elebitasunera iritsi artekoa. Eta ibilbide horrek bere erritmoa du, apala seguruenik, herritar guztien eskutik egin beharrekoa delako. Baina atzera egin edo geldi geratu nahi duenak argi izan behar du ez duelako lortuko. Euskara ez delako erlikia bat edo apaingarri bat, eta elebitasunak erreala izan behar duelako maila guztietan. 1979an eta 1982an lege aldetik aurrera egindako jauziaren eta osteko sustapen prozesuaren ondoren, guzti hori mamiz betetzeko ordua da. Gero eta ezagutza handiagokoa baina ia erabilerarik gabekoa izateko arrisku bizian dago euskara. Maila askotako erabakiak behar dira hori aldatzeko, hizkuntzaren erabilera sustatzeko eta prestigiatzeko, euskara esparru berrietara zabaltzeko, eta adierazten eta egiten denaren artean koherentziaz jokatzeko. Politikatik ere asko egin daiteke guzti horren alde. Etorkizunean euskarak izan behar duen estatus praktikoa zehazten hasteko garaia da. Koofizialtasuna ezin da beti praka laburrekin jantzi, 35 urte baititu dagoeneko.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad