El Correo

Literatura-itzulpenak zaharberritzeaz

Literatura-itzulpenak zaharberritzeaz
  • Jatorrizko testuek idazleek idatzi zituzten bezala irauten duten bitartean, egoera oso bestelakoa da itzulitakoen artean

Literatura obrez ari garelarik, esan ohi da jatorrizko testuek idazleek idatzi zituzten bezala irauten dutela, idazleek finkatutako forma sakratua dela eta ez dagoela hura ukitzerik. Kontua oso bestelakoa da, ordea, itzulitako obren kasuan, euskaratutakoetan ez ezik, beste hizkuntzetara aldatutakoetan ere. Aldian behin, zenbait testu klasikoren itzulpen berriak jasotzen ditugu liburu-dendetan; eta, zenbaitetan, aldaketa deigarriez hornituak.

Esate baterako, duela urte pare bat Franz Kafkaren zomorrorik famatuenari buruzko liburuaren itzulpen berriaren izenburua ‘La transformación’ izan zen; eta itzultzaileak zein editoreak argudiatzen zutenez, jatorrizko tituluko berba, ‘Die Verwandlung’, hitz guztiz arrunta zen garaiko aleman hiztunentzat, eta ez dago ‘metamorfosis’ kultismora jo beharrik ipuin ospetsuaren izena emateko (euskarazko itzulpen baten izenburua, gogoratu, bide beretik doa ‘Itxura-aldaketa’).

Beste batean, Flauberten eleberri ezagunak ‘Madame Bovary’ ez, baizik eta ‘La señora Bovary’ behar zuela eta, edizio berritua plazaratu zen.

Joera berritzaile horren kontra daudenek tradizioa aldarrikatzen dute: nekeza eta nahasgarria omen da belaunaldi askok era batean ezagutu duten itzulpen bati izenburua aldatzea.

Literatura-itzulpenak zaharberritzearen gaineko eztabaida hori ez da berria, eta hainbat idazlek parte hartu dute horretan. Duela gutxi, Ignacio Echevarría literatura kritikoak akordura ekarri zuen gai horri buruz Emilio Renzik 1968an idatzitakoa:

«Itzulpengintzak (zeregin sozial gisa ulertua) beste inork baino hobeto finkatzen du garai bateko literatura-estiloa. Horrexegatik berritzuli behar dira liburuak hainbestean behin, itzultzaileak une bakoitzean ‘literarioki’ esan daitekeenaren ereduak errepikatzen dituelako oharkabean. Atzerriko hizkuntza batekin lan egiten du, baina baita xede hizkuntzaren egoera jakin batekin ere. Egoera horrek finkatzen ditu itzultzaileak erabilgarri dituen esamoldeak, eta hainbat gauza garairako era onargarrian esateko baimena ematen dio. Hantxe bilatu behar dira giza eta literatura-estiloaren ezaugarri inplizituak. Erretorika eta gramatika ‘estetiko’ jakin batez eratutako hizkuntza horretara itzultzen dira liburuak».

Beraz, itzulpenak, besteak beste, xede hizkuntzaren egoera jakin baten lekuko dira. Horren inplikazioak nabarmenak dira: gaur eguneko irakurle bati arrotzak gertatuko zaizkio duela ehun urte egindako itzulpen bateko hainbat esamolde eta beste zenbait hizkuntza kontu.

Ondorioa Renzik baino lehenago atera zuen Walter Benjaminek, modu tragiko samarrean nahi bada, ‘Itzultzailearen egitekoa’ (1923) izeneko saiakera laburrean:

«Mendez mende literatura lan handien tonua eta esanahia goitik behera aldatzen den bezala, itzultzailearen ama-hizkuntza ere aldatu egiten da. Egiaz, idazlearen hitzak bere hizkuntzan bizirauten badu ere, itzulpen onena behin eta berriz lausotuko da bere hizkuntzaren garapenean, bilakaera horren ondorioz hiltzeraino» (Garazi Arrularen itzulpena).

Bistan denez, garaian garaiko hizkera berrituz doan neurrian, itzulpenak ere berritu beharko liratekeela dirudi.

Euskal itzulpenak

Euskal literatura itzulian ere ikusi izan da zaharberritzearen beharra. Adibiderik nabarmenena, hedaduraren aldetik, EIZIEk (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak) ‘Literatura Unibertsala’ bildumako lehen 100 tituluetatik abiatuta (1990-2002) egindako berrikuntza-proiektua da. Duela sei bat urte osatutako Hautaketa Mahaiak ehun liburu haietatik 20 aukeratu zituen ‘Urrezko Biblioteka’ izeneko bilduma egiteko. Horretarako, berriz, testuak eguneratzeko premia ikusten zen, alderdi askotatik (ortotipografia, puntuazioa, arau berriak, gramatika, kalko okerrak, kohesioa eta argitasuna, koherentzia, adierazpena eta, ‘last but not least’, estiloa). Eta, ‘estilo’ ziotenean, hauxe zehazten zuten adibide gisa: hizkuntza-maila, erregistroak, kolorea, tratamenduak.

Eguneratzeko beharra justifikatzeko, berriz, arrazoi esanguratsu batzuk aipatzen dira txostenean: «Begi-bistakoa da 20 urte denbora tarte luzea dela guretzat, beste hizkuntza batzuetan mende bat litzatekeen adinakoa. Azkeneko urteetan garapen izugarria izan du euskara batuak, aski finkatu dira hiztegi baturako hainbat irizpide, arlo askori dagokienez gainera (...). Eta hizkuntzak berak ez ezik, itzulpengintzak ere pauso asko eman ditu gure hizkuntzan bi hamarkada hauetan».

Urrezko Biblioteka horretako 15 titulu plazaratu dira dagoeneko, esan bezala lehendik itzulita zeudenak, eta orain protokolo zehatz bati jarraiki eguneratu direnak, tartean itzultzaile bakoitzak, zuzentzaile batek eta editoreak zeresana izan dutela. Ondorioz, gaurko irakurleek berriro dituzte irakurgai hainbat testu klasiko, besteak beste ‘Robinson Crusoe’, ‘Hamlet’, ‘Madame Bovary’ (sic), ‘Harrotasuna eta aurrejuzguak’, ‘Farorantz’...

Badirudi, gainera, itzulpenetako hizkera garai bakoitzaren ispilu den gisa berean, hautaketa bera ere garaiaren isla dela: irakurleen gaitasuna, testu motak, emakumezko idazleak ikusarazteko borondatea…

Itzulpenak gaurkotzeko lana, maila apalagoan bada ere, beste titulu batzuetara eramaten ari da: hala, ‘Bartleby’ berria dugu, Shakespeareren ‘Sonetoak’ berria, ‘Alizia’ berria… Eta urteak joan urteak etorri irakaskuntzan eta erabiltzen diren beste itzulpen askorekin egin beharko litzateke.

Dena dela, euskazko literaturan ere, goian aipatutako kasuan bezala, badira irauteko jaio bide ziren zenbait itzulpen ere. Horra, adibidez, T.S. Elioten ‘Lau Quartetto’: «Dembora presentea eta dembora pasatua/ Acaso daude presente biac dembora futuroan,/ Eta dembora futuroa contenituric dembora pasatuan./ Dembora guztia presente baldin badago eternalqui / Irredimible da dembora guztia».

Norbait animatzen da Arestiren itzulpen hori gaurkotzen?

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate