El Correo

Carmen Ayastuy mezzosopranoa eta Ricardo Requejo piano jotzailearen emanaldia

  • Mozart, Schumann, Manuel de Falla eta Carlos Guastavinoren lanez osatutako egitaraua interpretatuko dute

Vital Fundazioaren Astearte Musikalek proposamen interesgarria ekarriko digute bihar. Vital Fundazioa Aretoko agertokian Carmen Ayastuy mezzosopranoa eta Ricardo Requejo piano jotzailea izango dira bihar. Interpretatuko duten egitaraua Mozart, Schumann, Manuel de Falla eta Carlos Guastavinoren lanek osatzen dute. 20:00etan hasiko da kontzertua eta sarrerak emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik aurrera eros daitezke

Astearte Musikalak Vital Fundazioak urtero ganbera musikari eskaintzen dion zikloaren izena da eta bost hilabetetan zehar egitarau zabala goza daiteke, proposamen anitzez osatua. XXVII. denboraldi honetan, biharko ekitaldian, Carmen Ayastuy mezzosopranoaren eta Ricardo Requejo piano jotzailearen errezitaldia izango dugu.

Carmen Ayastuyk Madrileko Goi Mailako Musika Kontserbatorioan amaitu zuen piano karrera, eta Ricardo Requejorekin hobetu zituen piano ikasketa horiek. Gainera, Rosa Sabater, Joaquín Achucarro, Louis Hiltbrand eta Malcom Frager-en maisu-klaseak hartu zituen. Bakarlari eta abeslarien errepertorioan errezitaldi ugari eman ditu. Goi mailako kantu-ikasketak egin zituen Mª Ángeles Rodríguez sopranoarekin eta Lucia Meewsen mezzosopranoarekin eta María Coronadarekin sakondu zituen ikasketa horiek. Era berean, Carlos Menarekin hobetu zuen ahots-teknikan zuen eskarmentua.

Gasteizko Luis Aranburu Udal Musika Eskolan egin du lan irakasle 2015ean erretiratu zen arte. Hainbat genero landu dituen arren Carmen Ayastuy bereziki erakartzen dute Lied eta Oratorio arloek, horregatik eskaintzen du errezitaldi askotan.

Ricardo Requejo izango du kide pianoan. Donostiako Kontserbatorioan ikasia, Parisen jarraitu zuen ikasketetan sakontzen, Vlado Perlemuter-ekin eta Ginebran, Louis Hiltbrand-ekin, gainera, Helena Costarekin izan zen Portugalen eta Karl Engel-ekin eta Sandor Vegh-ekin Alemanian. Sari asko jaso ditu Requejok, eta horien artean nabarmenenak, lehenengo piano-saria eta lehenengo domina ikusi ahalako eta zifratupeko irakurketan Parisen, lehenengo piano-saria eta Georges Filipinetti saria, Ginebrako Kontserbatorioan, eta lehenengo saria Luiz Costa Nazioarteko Lehiaketan, Porton, eta ezohiko saria musika portugeseko interprete onenari.

Europan nahiz Estatu Batuetan egin ditu emanaldiak eta grabazio ugari egin ditu irrati eta telebistarako baita diskoak Claves Records etxerako ere. 2001 eta 2012 bitartean piano irakasle aizan da Euskal Herriko Goi mailako Musika Ikastegian (Musikene), eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kidea da.

Bi zatitan banatutako egitaraua interpretatuko dute, Mozart, Schumann, Manuel de Falla eta Carlos Guastavinoren lanez osatua. Arratsaldeko 20:00etan hasiko da, Vital Fundazioa Aretoan (Dendarabako 1. Solairua, Vitoria-Gasteiz) eta hitzordu bakoitzerako sarrerak aretoan bertan eros daitezke, kontzertua hasi baino ordu bete lehenagotik, 8 euroko prezioan.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate