Arabako turismoak berriro ere gora egin du urtarrilean, hain zuzen, %14,4

Gasteizko Plaza de Españan dago Turismo bulegoa/
Gasteizko Plaza de Españan dago Turismo bulegoa

Foru Aldundiaren menpeko museo, aztarnategi eta parke naturalek bisitarien hazkuntza nabarmena izan zuten joan zen urtean

SERGIO EGUÍA

Arabako turismo eskaintzaren bidez, lurraldeko turismo datuek berriro egin dute gora urtarrilean. Zehazki, bidaiariek Arabako hoteletan egindako sarrerek %14,4 egin zuten gora joan zen hilean, eta emandako gauek ere %11,7. Datu horiek berretsi egiten dute 2014an izandako goranzko joera orduan turismoa % 5,9 hazi zen Araban 2013. urtearekin alderatuta eta foru aldundiak lurraldearen turismo ahalmen itzela sustatzeko eta horri balioa emateko egin duen apustua.

Foru gobernuak, 2011tik 2014ra bitartean, 2,5 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu, toki erakundeei, irabazteko xederik gabeko elkarteei, enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei zuzenduta, sektorea sustatzeko ekimenak abian jartzeko. Zenbateko horri Diputatuen Kontseiluak gaur goizean toki erakundeetan eta irabazteko xederik gabeko elkarteetan turismoa sustatzeko onartu duen laguntza deialdi berria, 499.069 eurokoa, gehitu behar zaio.

Arabak natura, kultura, gastronomia eta ondare arloko erakargarritasunak ditu, lehen mailakoak, eta adierazle guztiak ari dira hori ziurtatzen hilabete batzuetatik hona. Izan ere, 2014ko urte bikain horren ondoren, 2015eko lehenengo hilean turismoak Araban izandako igoerak igurikimen guztiak gainditu ditu berriro ere nabarmendu du Javier de Andres diputatu nagusiak.

Horrelaxe berresten dute foru aldundiaren menpeko museo, aztarnategi eta parke naturaletara egindako bisitek. Zehazki, aldundiaren museo sarera egindako bisita kopurua % 2 hazi zen 55.738 bisita 2014an, eta 54.716 bisita 2013an. Hoya eta Iruña Veleiako aztarnategietan, berriz, 7.849 bisitari izatetik 2013an 9.136 bisitari izatera igaro zen iaz. Arabako ondare historikoarekiko interesak ere bere isla izan du Gatz Haranera joan diren bisitarien errekor historikoan. Izan ere, Añanako gatzagak Arabako eta Euskal Herriko helmuga turistiko garrantzitsuenetako bat dira. Horrela adierazten dute azken urteotan izan den bisita kopuruaren bilakaerari buruzko datuek, 2011n 39.086 bisita izatetik 64.296 bisita izatera igaro baitzen 2014an. Repsol gidak, Espainiako milaka hautagaitza aztertu ondoren, Espainiako txokorik onenaren hirugarren saria eman zion Gatz Haranari 2014an.

Turismo jasangarria eta turismo ardatza

Turismo jasangarriaren eta natura baliabideen aldeko apustua Arako Lurralde Historikoaren nortasun ezaugarrietako bat da oraindik ere. Eta horrela adierazten dute Valderejoko, Izkiko, Gorbeiako eta Aitzgorri Aratzeko parke naturaletara izandako bisiten datuek, 2014an 273.244 pertsonak bisitatu baitzituzten, aurreko urtean baino 30.000 gehiagok.

Turismo eskaintza horrek ere izan zuen bere oihartzuna iazko Fiturren, nazioarteko turismo azokan, sektoreko milaka profesionalek eta partikularrek eskatu baitzuten Arabari buruzko informazioa. Izan ere, izugarria da Arabaren potentziala Espainia iparraldeko turismoaren erdigune bezala balioztatua izan dadin, bai bertako natura, kultura eta ondare baliabide handiengatik, bai bere kokaleku estrategikoarengatik, Donejakue Bidea, Guggenheim Museoa edo San Fermin jaiak bezalako ikonoen erdian baitago. Horretarako, Foru Aldundiak informazio mapa bat argitaratu eta eraman zuen Fitur-era, Arabako eta inguruetako hamalau turismogune interesgarri jasotzen zituena.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos