http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Zuzenean testuinguruarekin lan egiten duten arte zentroak aztertuko ditut Japonian»

Haizea Barcenilla lezotarra Alemanian eta Frantzian ere bizi izan da./JORDI ALEMANY
Haizea Barcenilla lezotarra Alemanian eta Frantzian ere bizi izan da. / JORDI ALEMANY

Duela bi urte Tokioko AIT arte zentroan egon ostean, Haizea Barcenilla arte historialariak lau hilabete emango ditu Japonian komisariotza-praktika zenbait aztertzeko

MIKEL ONANDIA GARATE

Haizea Barcenilla (Lezo, 1981) EHUko Artearen eta Musikaren Historia saileko irakasleak komisariotza, kritika eta ikerketa uztartzen ditu, bereziki arte garaikidearen inguruan. Lau aste eman zituen Tokion, 2016ko abenduan, bertako errealitate artistikoa ezagutzen, Donostiako Tabakalerak eta Japoniako AIT (Arts Initiative Tokyo) zentroak Euskal Herriko eta Japoniako testuinguru artistikoen artean ezagutza eta esperientziak elkar trukatzeko helburuarekin antolatutako ekimenaren baitan; aldi berean, Maki Nishida komisario japoniarrak Donostiako elkarte gastronomikoen izana eta funtzionamendua aztertu zituen. Esperientzia hura abiapuntu hartuta, otsailaren 1etik aurrera, Barcenillak lau hilabete egingo ditu Japonian, publikoaren eta pribatuaren esparruen eta artearen alderdi kolaboratzailearen eta komisariotzaren arteko erlazioen inguruan sakontzeko.

– Zer ikusi eta egin zenuen Japoniako zure lehen egonaldian?

– Beka eskuratuta, nire asmoa zen Japoniako arte zentroetan publikoaren eta pribatuaren gauzatzea nolakoa den aztertzea, bai bainekien hemengoarekin alderatuta ezberdina dela. Hirian zehar asko ibili eta arte espazio ugari bisitatu nituen, antolamendu eta funtzionamendua aztertuz. Publikoaren kontzeptua hainbat ikuspegitatik lantzen duten agenteekin izan nintzen, zentroetako zuzendari, komisario eta artistekin.

«Oro har Euskal Herrian komisariotza gutxi dago; programazioa ildo argirik gabea da»«Japonian bada mugimendu oso indartsu bat arte partehartzailearen aldekoa»

– Nolatan sortu da denbora luzeagorako bueltatzeko aukera?

– Aipatutako zentro horietan ikusitakoaren interesaz oharturik, gaian sakontzeko denbora gehiago behar nuela konturatu nintzen. Atzerrian egonaldiak egiteko Espainiako Kultura eta Hezkuntza ministerioak eskaintzen duen José Castillejo bekara aurkeztutako proiektua onartu dute. Beka hori da bereziki interesatzen zitzaizkidan hiru zentro zehatzen azterketa egiteko, eta laguntza horrekin aukera izango dut programazioaren bidez testuinguruaren arabera nola lan egiten duten aztertu eta horren inguruan zer ikasi dezakegun ikusteko.

Hiru zentrotan

– Zein izango da zehazki egingo duzun lana?

– Esan bezala, hiru zentrotan egongo naiz, bi Tokion daude eta bestea Nagoyan, eta bakoitzean hilabete bat emango dut. Laugarren hilabetea bertan ikasitakoari buruz idazteko erabiliko dut. Lehena Shibaura House da, diseinu konpainia baten espazio pribatua; goiko solairuetan bulegoak eta lan gelak dituzte, eta behekoa espazio komunala da, auzokoentzako. Bertaratutakoen profilen eta beharren arabera jartzen dituzte programak martxan. Kosaten izeneko arte zentroa Tokioren kanpoaldean dago, gune erresidentzial batean, eta Emma Ota komisarioak koordinatzen zuen ‘site specific’ proiektu eta festibal baten ondorioz sortu zen, espazio baten beharra ikusi zutenean. Auzokoekin foro, proiektu eta topaketak egiten dituzte bertan. Bere aldetik, MAT Nagoya zentroa espazio publikoa da. Degrada tzen eta jendea galtzen ari zen zonalde batean sortu zuten, inguruarekin lan egiteko.

– Zein ekarpen egiten dizkio arteak komunitateari kasu horietan?

– Oraindik ikerketa egiteke badut ere, nire sentsazioa da espazio horietan bertako jendearen behar eta nahiak identifikatzen saiatzen direla, baina ez modu literalean, baizik eta ikuspegi zabalago eta abstraktuago batetik haien arazoekin bat egin dezaketen proiektuak aurrera atereaz. Era berean, beste gauza batekin konturatu nintzen, komunitate harremana eta lekuarekiko identifikazio balioak sustatzen dituztela. Hala, zentro horietan jada existitzen diren erlazioak indartu eta sakondu eta horiei buruz hitz egiteko aukerak sortzen eta bultzatzen dira (Japonian batere ohikoa ez dena). Bestetik, han unibertsitate bateko arkitektura departamentuan egongo naiz, eta hirigintzaren ikuspegitik ere proiektuen alderdi sozialean interes handia daukatela ohartu naiz. Interesgarria da zentro hauek ez dutela gentrifikazioa bultzatzen, auzo bizitza garatu baizik.

– Zein izango da proiektuak hartuko duen azken forma edo emaitza?

– Oraindik zer irtengo den erabat argi ez badut ere, lehen asmoa da ikusitakoaren gainean idaztea. Idatzitako horrek forma ezberdinak har ditzake: artikulu bat hasieran edo agian liburu forma etorkizunean. Beste gauza bat litzateke prozesuan zehar ezagututako artistekin paraleloan erakusketaren bat antolatzeko aukera suertatzea.

– Hainbat herrialdetan lan egin izan duzu, Irlandan, Frantzian, Suedian edo Mexikon, besteak beste. Zeintzuk dira Japoniako arte sistemak besteekin alderatuta agertzen dituen bereizgarriak?

– Lehen egonaldian iruditu zitzaidan alde batetik badagoela joera komertzial nabarmen bat, oso ikusgarria, gainazalezkoa, materiala. Arte merkatu potentea daukate eta museo pribatuek indar eta presentzia handia dute. Bestalde, bada mugimendu oso indartsu bat arte partehartzailearen aldekoa, artea espazio publikoetara eramateko apustua egin eta batez ere bienaleen bidez bideratzen dena. Hiri askok beraien biurteko propioa antolatzen dute, oso esanguratsuak direnak japoniar arte sistemaren baitan. Gurean azken hogei urtean museo ugari egin ziren bezala; han, berriz, ebento asko sortu ziren instituzioak beharrean, eta oso bideratuta daude testuingurura, hemen ez bezala.

– Aukerarik ikusten duzu hango esperientziak hemen aplikatzeko?

– Bai, nire ideia da beraien esperientzia ezagutu eta gurean programatzeko bestelako erak aztertzea. Ezin da literalki egin, kulturalki oso diferenteak baikara, baina ideia asko hartu eta horien gainean hausnartu daiteke.

– Zein da gure testuinguruan, Euskal Herrian eta Estatu mailan oro har, artearen alderdi kolaboratzailearen izana eta egoera, eta nolako harremana dute komisariotza-praktikek honekin?

– Zaila da arte kolaboratzailea definitzea. Ni komisariotzaren ikuspegian zentratzen naiz. Oro har Euskal Herrian komisariotza gutxi dago; salbuespenak salbuespen, programazioa ildo argirik gabea da, suertatzen denaren araberakoa neurri handi batean, eta programa parte-hartzaileak hezkuntza pr ogramen bidez edo eraikinetatik kanpo bideratzen dira, tailerrak eta ekimen txikiak antolatuz. Japoniako errealitate zehatz honetatik interesatzen zaidana da erakusketa espazioa bera halako programazioetarako leku bezala ulertzen dutela eta beraien irizpideak testuinguruari modu zuzenagoan lotuta daudela.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos