http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Zurrumurru matxistarik ez' ekimenaren aurkezpena izango da larunbatean, Ondarroan

Formakuntza horrek matxismoari dagokionez egunerokotasunean egoten dira gertaerak, jarrerak eta zurrumurruak identifikatzen jakiteko estrategiak lantzea bilatzen du

ELCORREO.COM

2018 honetara begira, zurrumurru matxistei aurre egiteko formazioak martxan jartzea planteatu du Bizkaiko Emakumeentzako Jabekuntza Eskolen Sareak. Izan ere, ZAS! (Zurrumuruen Aurkako Sareak) ere hala dio, «zurrumurru oinarri gabeek, estereotipo ezkorrek eta aurreiritziek intolerantziaren diskurtsoa elikatzen dute, luzarora begira desberdintasuna, gizarte zatiketa eta diskriminazioa ereiteko hazitegi ezin hobe bilakatuz». Elkartearentzat ezinbestekoa da «norbanako eta taldeen ideia, uste, pertzepzio, estereotipo eta kontzeptuen gainean eragitea», hauengan aldaketa eragin asmoz. Norbanako eta taldeengan eraginez lortu baitezakegu jendartean ere eragitea, jendarte berdinzaleago batetarantz abiatzea. Ekimen honen aurkezpena Ondarroan ospatuko da datorren larunbatean, hilak 17.

Bizkaiko Emakumeentzako Jabekuntza Eskolen Saretik herri parte hartzaileetan (Ermua, Basauri eta Ondarroa) aurrera eramatea planteatzen den «formakuntza honek matxismoari dagokionez egunerokotasunean egoten dira gertaerak, jarrerak eta zurrumurruak identifikatzen jakiteko estrategiak lantzea bilatzen du, baita hauen aurrean erantzuteko tresnak sortzea ere». Zurrumurruak identifikatzeaz gain, hauek agerian utzi eta salatzea ere bilatuko baita, herriko errealitateetan eragitea xede. Guzti hau, gehienbat, jaien testuinguruari begira landuko da, «eraso sexistak eremuetan areagotu egiten direlako».

Formazioak, gehienez ere, hogei bat ordukoak izango dira. Hala ere, udalerri bakoitzean sortzen den taldeak izango du beronen ibilbidearen iraupenaren gaineko erabakipena. Gero, ekainean, prozesuan parte hartu duten talde guztiak kurtso amaierako ekimen batean biltzea aurreikusten da. Bertan, talde bakoitzak bizitako esperientziak partekatuko dituzte.

Ondarroan ere martxan jarriko den prozesu hau 3 fasetan banatuko da: kontzientziazioa, zurrumurruak identifikatu eta kontra-argudioen osaketa eta zurrumurruak azaleratu eta salatzeko kanpainaren diseinua. Lehen fasean «oinarrizko kontzeptuak landuko dira, indarkeria matxista ikuspuntu intersexzional batetik aztertuko da eta esperientzia pertsonalen lanketan murgiltzea bilatuko da». Bigarren fasean «emakume batek eraso bat pairatzen duenean gertatzen dena aztertuko da», komunikabideetan/sare sozialetan/kalean/etxean entzuten denari behatuko zaio, eta horren aurrean feministek zurrumurruei aurre egiteko erabili ditzaketen argudioak bilatuko dira. Hirugarren fasean ostera «zurrumurruei aurre egiteko kanpaina diseinatuko da», prozesuaren xedea dena.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos