http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zuiako Udalak Legebiltzarrean aurkeztu du bere proiektu energetikoa

Asparrena eta Eako Udalekin batera hartu du parte EAEko Herri-administrazioen Energia-iraunkortasunari buruzko Lege Proiektua aztertzen ari den komisioan

SERGIO EGUÍA

Urte batzuetatik hona ari da lanean Zuiako Udala, gure bailaran eredu energetiko berri bat ezartzeko. Eraginkortasunaren eta jasangarritasunaren alde egindako apustu irmoak herri administrazioen buruan kokatu du udalerria, aurrezteko irtenbide berritzaileak martxan jartzeko eta iturri berriztagarrietan jatorria duen energia kontratatzeko orduan. 2015etik, Goiener kooperatibarekin sinatutako kontratuaren ondorioz, udalerriko argiterian energia berriztagarriak erabiltzen dira soilik.

Gainera, azken 3 urteetan kaleko argi tradizionalak kendu dira LED teknologiarekin ordezkatzeko, energiaren % 35 inguru aurreztea lortuz. Halaber, udal eraikinen inguratzaile termikoa hobetzen eta eraikin publikoetako gas galdarak aldatzen ari dira, horien ordez biomasa-sistemetan oinarritutakoak jarriz. Horrek guztiak fakturak %60an jaistea ekarri du. Datu horiek, besteak beste, aurkeztu berri ditu Zuiako alkateak, Unai Gutierrez Urkizak, EAEko herri-administrazioen energia-iraunkortasunari buruzko lege proiektua lantzen ari den komisioan. “Oso positibotzat hartzen dugu legea egitea, baina azpimarratu nahi dugu udal batzuk hainbat urte daramatzagula zentzu horretan lanean”, adierazi du.

Zuiako Udalak eusko Legebiltzarreko komisioan hartu du parte, Ea eta Asparrenako Udalekin batera, EH Bilduko Mikel Otero legebiltzarkideak proposatuta.

Irudian Zuiako alkatea, Unai Gutierrez Urkiza (hirugarrena, ezkerretik hasita ), Legebiltzarrean. Argazkiaren egilea: Eusko Legebiltzarra.

Bestetik, gaur egun Mendigurengo bideak duen narriadura dela eta, Amurrioko udalak bide hori konpontzeko lanak egitea erabaki du.

Egungo egoera, hainbat urtez urak luzaroan egindako ekintzaren eta mantentze-lan kaskarren ondorioa da, besteak beste. Hori guztia dela eta, drainatzea berritzeko lanak eta azaleko birprofilaketa-lanak egingo dira. Bide horren egoera orokorra eta zoruaren kalitatea kaskarrak direnez, hori asfaltatu beharra dago: beroko asfaltozko aglomeratuko sei zentimetroko lodieradun errodatze-geruza jarriko da.

Mendigurengo bidea, Aldaiturriaga bidetik Agirre baserriraino doa. Urtea bukatu baino lehenago gauzatuko omen den jarduketa horren bidez, landa-ingurune hori hobetzeko fasea bukatutzat emango da.

Mendiguren bidea egokitzeari ekiteko aurrekontua 15.999,83€-koa da.

Fotos

Vídeos