http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zubi lana

Zubi lana
Harizpetik

Eusko Jaurlaritzak PPrekin erdietsitako akordioari esker EAEko aurrekontuek aurrera egingo dute Legebiltzarrean. Egonkortasuna, zubi lanerako gaitasuna, erabakigarria izango da egoera ekonomikoak hobera egiten jarraitu eta zerbitzu publikoei egokiro eusteko

Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Euskal Autonomia Erkidegoak aurrekontuak izango ditu, beste behin. Dagokienean onartutakoak, EAJ eta PSE-EEren bozak PPren abstentzioarekin osatuta. Aurreko urteko egoeraren errepikapenak oposizioaren kritika zorrotzak eragin ditu, eta EH Bildutik ‘hiruko kontserbadoreaz’ eta antzekoez hitz egin dute. Horrez gain, bertoko akordioa Kataluniako jazoerekin lotzen saiatu dira, popularrekiko lankidetzak han Konstituzioaren 155. artikulua indarrean jartzeari zeharkako babesa ematen diolakoan. Argudioen zerrendan ez dago berrikuntza handirik, ohikoei eutsi baitiete; eta ezker abertzalearen egungo gaitasun politiko faltaren adierazgarri dira horietako guztiak. Eurek oztopatu dutena beste bide batetik libratu du oraingoan ere Jaurlaritzak, egungo agertoki hauskorrean egonkortasun politiko eta ekonomikoa zein garrantzitsua den jakinda.

Alderdi Popularrari ezinbestekoa zaio Euskadin bere burua nabarmentzea. Iazko hauteskunde autonomikoen ostean EAJ lortzear izandako azken parlamentari baten faltak eman dio nolabaiteko aukera horretarako. Bederatzi ordezkari baino lortu ez izanak popularrek Euskadirako dituzten asmoen mugak adierazten ditu, horien ezintasunak. Porrot horren ostean baliagarri izaten saiatzen ari da PP, ekarpenak egiten. Eta horretan dihardu itun fiskalari zein aurrekontuei buruzkoetan. Eragiteko ahalmena bere ordezkaritzaren gainetik dagoela agertarazten, hainbat politikari nolabaiteko oreka puntu bat ematen dien itxura egiten. Zenbakiek, baina, euren jardueraren norainokoa islatzen dute, gordin. Eta, hurrengo aurrekontuan, osoko 11.486 milioietatik —aurrekoan baino 426,7 gehiago— 30 bati lotutako aldaketak lortu dituzte orotara. Zenbatekoa txikia da, aparteko inolako azalpenik gabe antzeman daitekeenez.

Akordioak, gainera, ez du inolako zerikusirik Kataluniakoarekin. Horri dagokionez, EAJk oso argi adierazi du bere jarrera. Abenduaren 21eko hautekundeetatik aurrera egoera aldatu ezean ez die babesik emango Rajoyren aurrekontuei Kongresuan, horrek haren Gobernua indartuko lukeelako. Izan ere, honelakoetan lekuan lekuko exekutiboa da babes beharrean egoten dena, besteen sostengu bila dabilena. Horretan ibili da Jaurlaritza Euskadin, hitz egin eta negoziatzeko eskaintza luzatzen; berari dagokiolako ekimen politikoa, egonkortasuna bermatzea. Eta PPren abstentzioak eskaini dio hori. Ondorioz, Iñigo Urkullu eta bere sailburu taldea sendotzen dira honakoan, kanpoko inolako edozein faktoreren aurreko jarrerari uko egin barik, bertokoari soilik erreparatuta.

Xede nagusia euskal ekonomia suspertzea da. Enpleguari lehentasuna emanda, gazteenari batik bat, eta zerbitzu publikoen kalitatea bermatuta. Hori da lehendakariaren eta bere gobernu-taldearen jardunaren ardatz nagusia, aurrera egiteko sasoiz eta taxuz onartutako aurrekontuak behar dituena. Inbertsio produktiboari eustea lehentasuna da norabide horretan, eta tresna publiko-pribatuen bidezko indarberritze finantzarioa bultzatzea oinarrizkoa da. Alde horretatik, kontu publikoen onarpena urrats estrategikoa da, bestelako hainbatetarako erabakigarria. EAJk, eta Eusko Jaurlaritzak orohar, ez diote muzin egin euren betebeharrari eta ezin arduratsuago jokatu dute, ataka ekonomikoak premiazko egiten duen eran. Orain, Legebiltzarrean eztabaidatu beharko dira aurrekontuak, bi osoko zuzenketa —EH Bildu eta Ahal Dugurenak— eta 1.526 partzial aurkeztu direlako. Egutegia, honakoa: 11n osokoak bozkatuko dituzte; 13an, partzialak; eta, azkenik, 22an onartu beharko litzateke proiektua.

Ezker abertzaleak 800 zuzenketa partzial aurkeztu ditu, 220 milioi euroren norabidea aldatu guran. Eta Abiadura Handiko Trenaren lanak geldiaraztea galdegin du, besteak beste; honakoan horretara bideratutako 156 milioiak beste azpiegitura batzuetara bideratzeko. Negoziatzeko benetako borondaterik ez duenarena izan da EH Bilduren jarrera hasieratik, aurrekontuekin zerikusirik ez duten bestelakoekin EAJ estu hartzen saiatzekoa. Lehenek behin eta berriz errepikatutakoen eta errealitatearen arteko kontrastea, baina, sekulakoa da, eta gizartea bete-betean jabetzen da horretaz. Horregatik zaio ezinezko benetako alternatiba sinesgarririk osatzea, demagogia ez delako urruneko inora joateko bidaide egokia.

Hala, jeltzaleei «155ekoekin ‘ménage à trois’ batean egotea» edo «enpresa handiei eta Confebask patronalari mesede egitea» leporatu izana karikatura hutsa da, irrimarra. Aurrekontuen inguruko akordioa zeharo delako onuragarria euskal gizartearentzat, Iñigo Urkullu lehendakariaren lidergo politikoa baiesten duelako, herritar ororen oinarrizko eskubide eta zerbitzuei onerako eragingo dielako. Kataluniakoa, ordea, beste maila batzuetan erabaki eta bideratu ahal izango da. EAJk behin eta berriz adierazia die elkartasuna bertako agintari legitimoei eta, besteak beste, Kongresuan Estatuaren aurrekontuen onarpen prozesuan erabakigarri izanda, ari da konponbiderako ekiten, egoera maila horretan baldintzatzen.

Egonkortasuna aspergarri samarra izan daiteke, baina ezinbestekoa da egungoen tamainako hainbat erronkari aurre egiteko. Krisia hain izan da bortitza luze joko duela normaltasun antzeko batera itzultzeak, galdutako hainbat berreskuratzeak. Aurreko astean Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Enplegu Plana ere tresna eraginkorra izango da norabide horretan, helburuak eta bitartekoak ondo zehaztuta, jomuga neurgarriak mahai gainean jarrita. Hori da gobernu bati dagokiona, ziurtasuna eskaintzea, mundu globalizatuan ondo uztartzeko eta lehiakorrak izateko ganorazko politikak lantzea. Ildo horretatik, langabezia ahalik eta mailarik txikienera eramatea eta soldatapekoen eros-ahalmena hobetzea nahitaezkoa da gizarte kohesionatu bat bermatu eta hainbat mailatako disfuntzioak ekiditeko. Horretarako balio du erakundeetatik eragiteak, norberak agindutakoak betetzeak, errealitatea bistatik ez galtzeak. Bestelakoetan ari direnek euren konpromiso eta eraginkortasun mailaren berri eman beharko diote gizarteari hauteskundeak datozenean. Horregatik egiten dute huts hori heltzen denero.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos