http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zozoak beleari

Gorako joera ematen diote inkestek Albert Riverari, gehienetan legez. Eta, usteak ustel izan ez daitezen, ohiko dituen harietatik tiraka ari da Ciudadanos-eko burua, ‘nazionalismoen’ aurka batik bat. Bere alderdiaren funtsa besteren bat bailitzan, jakina

Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Urtarrilaren 16an Mateo Renzi Italiako lehen ministro ohi eta bertako Alderdi Demokratikoko idazkari nagusia Albert Rivera Ciudadanos-eko buruarekin bildu zen Erroman. Batek daki zein den euren arteko balizko lotura ideologikoa, PCItik sozialdemokraziara igarotakoak direlako lehenak eta jatorrizko sozialdemokrazia jakobinoenetik euren praxiak adierazitako liberalismora jauzitakoak bigarrenak. Partekatutako heldulekuren bat bilatu guran edo, nazionalismoak eta populismoak nahastu eta horien aurka jo zuten, Lega Nord xenofobo eta antieuroparraren jarduna Katalunian jazotakoarekin lotuta. Baina ideologia aldakorrak eta demagogia muturreraino baliatzea populismoen ezaugarri badira, Rivera muga-mugan dabil gutxienez.

Estatuen subiranotasunaren muinekoa hain estu gordetzen den Europako Batasunean ohikoa da ‘nazionalismoak’, gordin eta bereizketarik gabe, arrisku guztien jatorritzat hartzea. Eta egia da badirela erasokorrak, xenofoboak eta albokoa menpean hartu gura dutenak, jakina. Baina, historia garaikidean zehar, horietako arriskutsu eta odoltsuenak Estatu handietakoak izan dira, ez euren buruak askatu nahian borrokatu diren txikienak.

Riverak espainiar nazionalismoa ikur hartuta egin du bere ibilbide politiko osoa. Eta horren bultzada herritarraren araberakoa izango da bere etorkizuna. Hala, Katalunian independentzia aldarrikatzearekin batera indartu da Ciudadanos, erreakzio gisa, beste norbaiten kontrara beti. Konstituzioan bertan lurraldeei dagokienez aintzat hartutakoa bera eta horren ondoriozko garapena ere ez dituelako gogoko. Espainiar nazioa baizik ez duelako aitortzen, gainerakoei hutsaren hurrengoa eskainita.

Estatu baten babes goxopeko nazionalismo horren talaiatik, berdintasuna aldarrikatzen du. Baina ez elkartasunaren ikuspegikoa, uniformetasunari atxikitakoa baizik. Nazio izaerako erkidegoei espreski begira, gainera, nazionalismoek ‘zatiketa’ eragiten dutela dio behin eta berriz. Egungo Estatuek Bidasoaz bi aldeetako euskal herritarrei aspaldi ezarritakoa errotikoa ez bailitzan, esaterako.

Euren burua herri gisa hartzen dutenek badute aitortzarako eskubidea, euren nortasuna maila guztietan garatzekoa. Nazionalista ez omen diren Estatu horiek demokraziarekin bateragarri ez zirenen bidez inposatu zizkietenak arintzekoa. Zatitutako lurraldeen arteko elkarlana bultzatzekoa. Eta munduan euren burua kokatzeko modua aukeratzekoa: aintzat hartzen dituen Estatu baten baitan, hala nahi badute; edo horretatik kanpo, besteen pare Europan, alternatibarik ikusten ez dutenean. Gehiengo zabal eta zeharkakoek hala erabakita, prozesu baketsu eta demokratikoen bidez beti.

Katalunian jazotakoa ez da bat-bateko fenomenoa, inoren burutazioa. Hango gizartearen zati handi baten ezinegon sakon baten adierazle baizik, Estatuarekiko harremanean norbere burua gutxietsita eta baztertuta ikustearen eraginezkoa. Bertako arazoa politikoa da, bete-betean. Horregatik dira horrenbeste Estatut berriaren negoziazioan PPk izandako jarrera salatzen dutenak edo-ta, Estatuaren boteregune nagusien jokamoldearen ondorioz, erabaki eskubidea indarrean jartzearen aldekoak. Eta gizartearen erdi inguruk independentziaren alde egindako hautua etsipen zabalago horren muturreko adierazpidea baino ez da, haustea beste biderik ikusten ez dutenena. Egoera hori bideratu nahi izatekotan horri erantzun politikoak eman behar zaizkio, ez judizialak eta polizialak, Riverak bere nazionalismo ukatzailetikhain sutsu eskatzen duen lez.

Berearen moduko jarrerek lurralde egitura tenkatu baizik ez dute egiten, Estatuaren beraren bideragarritasuna zalantzan jartzeraino. Partekatzen ez dakielako, zubiak hausten dituelako, ez dielako gutxiengo nazionalei izateko aukerarik ematen. Aitortzaren eta negoziazioaren dialektikatik beti egon daiteke irtenbiderik, dagoena berregiteko modurik, baina ez birzentralizaziotik eta hurkoa menpean hartu nahi izatetik. Riveraren errezetek oso aspaldi egin zutelako porrot, hainbatetan indarrean jarri arren.

Kontzertu Ekonomikoa ere ez du gogoko, are gutxiago horren ondoriozko Kupoa. Ez euskararen benetako koofizialtasuna, ez bertoko autogobernuaren inolako garapena. Ahal izatekotan, hainbat eskumen jarriko lituzke berriz Madrilgo gobernuaren esku, 1979an adostu eta herritarrek berretsitakoa edukirik gabe uzteraino. Hori da Rivera, moderno itxurako bere jokabide zaharkituekin.

Euskal abertzaletasunaren gehiengoa beti izan da demokratikoa, Europako proiektuaren aldekoa, herri zahar bati munduan dagokion lekuaren alde egoerarik txarrenetan borrokatutakoa. Ez dago Riverarik munduan demokrazia, giza eskubideen defentsa, elkarrizketa, aniztasuna eta halakoak zer diren irakats diezaiokeenik. Herri gehienek aske eta bakean bizi besterik nahi ez dutelako, dagokien benetako aitorpenetik, proiektu politiko partekatuetatik, estatu egituren malgutasunak ahalbidetutako aukeretatik. Ezarritako zatiketak eta aspaldiko ukazioek eragindako gabeziak gainditzeko, egungo errealitate geopolitikoa aintzat hartuta norbere buruaren ahalik eta jabeen izateko, gainerakoekin elkarlanean zubiak eraikitzen jarraitzeko, elkartasuna edukiz betetzeko, norbere txikitasunetik besteei begirako ekarpen baliotsuak egiteko.

Riverak eta haren modukoek, ‘nazionalismoa’ kalamidade guztien iturburutzat jotzen dutenek, aniztasuna dute jomugan, handien logikatik baino ari ez direlako. Euren subiranotasuna ondo gordeta, batasun hautsezinak aldarrikatuta, europar askoren errealitate berehalako eta naturalena bazter utzita. Eta ez dago munduan horri aurrerakoi edo eraikitzaile itxura eman diezaiokeen irudi kabineterik.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos