http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ai, zoriontasuna

Zoriontasunean pentsatzeak goibeltzen nau, oso kontzeptu iheskorra suertatzen zaidalako. Gustatuko litzaidake jakitea zer den edo nola lortu zoriontsu izatea, baina erantzunak anitz eta, aldi berean, eskasak dira

Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Zoriontasunean pentsatzeak goibeltzen nau, oso kontzeptu iheskorra suertatzen zaidalako. Gustatuko litzaidake jakitea zer den edo nola lortu zoriontsu izatea, baina -autolaguntza liburuetatik at- erantzunak anitz eta, aldi berean, eskasak dira. Nork bere susmoak ditu, nork bere kredoak, baina iparra galduta gabiltza guztiok.

Orain arte, zoriontasunaren formularik arrakastatsuena 'eskontza+seme-alabak' binomioak proposatzen zuena zen. Gaur egungo gazteek, aldiz, ez dute egitura familiar klasiko horretan gehiegi sinesten. Hori da, behintzat, egun hauetan jakinarazi digutena. Azaldu digutenez, gazteek beste lehentasun batzuk dituzte. Ikusiko dugu zer pentsatzen duten gazte horiek berberek hemendik urte batzuetara.

Nolanahi ere, zoriontasunari buruz hitz egiten dugunean, ez da komenigarria orokortzea. Nork berak egin dezala nahiago duena. Adibide bat jarriko dut: nik ez dut nahi ama izan. Hori da nire jarrera, eta errespetagarria da oso. Hortik, amatasuna bizitzaren gauzarik ederrena dela esatera datozkidanean, asperdura plantak egiten ditut. Zentzu horretan, bat nator Jon Ariza de Miguel 'Haizeari begira' nobelan idatzi duenarekin: «Baina ados geunden, halaber, hurbilekoa zoriontsu egiteko bi modu zeudela, hots, ala hurbilekoa zuzendu eta zoriontsu izan dadin zer egin behar duen jakin eta esan, ala euren esku utzi zoriontasunerako bidearen aukeraketa eta erabakien hartzea. Bigarren moduaren aldekoak ginen gu». Ni ere bigarren moduaren aldekoa naiz: geure bidea jarraitu behar dugu, geure akatsak egin, ausardiaz.

Zoriontasunean pentsatzeak goibeltzen nau, Borgesek idatzitako hurrengo burutazio hau nik neuk inoiz jarriko ez ote dudan neure ezpainetan beldur naizelako: «Gizon batek egin dezakeen bekaturik handiena egin dut nik: ez naiz zoriontsua izan». Hori gertatu balitzaigu geuri, zoriontasunari nahi izan dugun karrikatik jarraitu diogula jakiteak kontsolatuko gaitu. Azken hasperenean, bekatuak zurituko ditugu, baina, behintzat, geuk aukeratutako bekatuak izan daitezela. Ez da egongo bigarren txanparik.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos