http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zorba

Aritz Gorrotxategi
ARITZ GORROTXATEGI

Pireoko portura bazoazte, geratu une batez portu ondoan dagoen kafetegian. Batez ere, euria ari badu. Siroko zakar batek jo dezake kafetegiaren leihoan, eta salbia eta giza sunda izan daitezke nagusi. Ate kristalduna zabaltzen bada, ez begiratu harantz. Bizkarra eman etorri berriari. Zorba izan daiteke, baina segi eskuen artean duzuen liburua irakurtzen. Bilatu behar bazaituzte, bilatuko zaituzte Zorbak. Haren begiak iltzatuta sumatuko dituzue bizkarrean. Luze gabe entzungo duzue haren irribarre zalapartatsua. «Nagusi!», dei egingo dizue. Eta zuen bizitza aldatuko da hortik aurrera.

Duela gutxi euskaratu da Nikos Kazantzakisen ‘Alexis Zorbaren hitzak eta egintzak’ eleberri ezaguna. Elkar argitaletxeak eman du argitara, eta Luis Berrizbeitiak egin du itzulpena. Gehientsuenek Anthony Quinn gogoratuko dute Zorbaren larruan, alai dantzari, 1964an Mihalis Kakogiannis-ek zuzendutako filmean. Eta, guztiaren gainetik, Mikis Theodorakis-en musika gogoangarria. Ez da ohikoa liburua eta pelikula, biak ala biak, klasiko bihurtzea. Baina kasu bitxi eta bakan horietako baten aurrean gaude.

«Jainkoa eta deabrua, biak dituk bat», dio Zorbak eleberriko pasarte batean. Izan ere, bi pertsonaia antagoniko dira nobelaren protagonista, narratzaile lana egiten duen intelektual paperxagua batetik, Dante eta Budarekin arduratuta bizi dena, kontzeptu potoloekin katramilatuta, etsipenean eta zalantzan murgilduta: «Gauza guztiak hitz bilakatu direlarik, hitz guztiak jolas musikal, azken gizona urrunago doa oraino: bere bakardadearen ertzean esertzen da eta musika ekuazio matematiko mutuan zehakatzen du». Eta, bestetik, Zorba mazedoniarra, oso bestelako bizi ikuskera duen langile alai, apasionatu eta haragikoia, santurijolea, dantzaren bidez ere mintza daitekeena, munduaren gauzekin etengabe harritzen dena, baita txikienekin ere. Zorba mila lanetan ibilia da, baita gerran ere, hainbat emakumeren magalean, zerupean lotan, poza bezainbeste ezagutu du oinazea, hiru urteko semea hil zitzaion… Hala ere, ez dabil horren kezkatuta arimaren eta Jainkoaren kontuekin, «arima ere haragia delako, eta haragia ere arima». Aise konpontzen ditu Zorbak pentsalariek mendeetan zehar izan dituzten kezkak. Halako batean, esaten dio narratzaileari: «Berorren mesedea ez da egundaino gose izan, ez du behin ere inor hil, ez du ostu, ez da inoren emaztearekin etzan. Zer jakingo duk hik munduaz?». Zorbarentzat bizitza bizitzeko da. Datorrena hartu, eta kito. Oraina bizi. Aske bizi. «Ari haizen bitartean, ahaztu zak gainerako guztia». Bekatuari dagokionez, ikuspegi xelebrea du: «Emakume batek bere ohera gonbidatzen bahau eta hik ezetz esaten badiok, hire arima kondenatzen duk!». Gizaki doilor eta elizkoiak bere inguruan eraiki dituen hesi guztiak -morala, erlijioa, aberria- bota ditzake Zorbak.

Bi pertsonaia horien harremana da nobelaren ardatza. On Kixote eta Santxoren kasuan bezala, biek zerbait kutsatzen diote elkarri. Lagun handi bilakatzen dira. Hala ere, pertsonaia eta gertaera esanguratsuz betea dago eleberria: iraganeko lorietan ainguratuta bizi den Bubulina, herriko denak txora-txora dituen alargun misteriotsua, aita Zaharias piromanoa, deabrua eta jainkoa biak bere baitan dauzkana, fraide ustel eta berekoiez betetako monasterioa, pikutara doazen lanak, inbidia gaiztoak, mendeku gosea, heriotzak, berradiskidetzeak… Halaber, Kretaren oihartzun eta zipriztinek girotzen dute istorioa. Girotu baino gehiago. Irla bera ere protagonista moduko bat da. Bai paisaia bai jendea.

Kazantzakisek begirada primitiboa aldarrikatzen du nobelan. Egileak berak aitortzen duenez, hezur haragizkoa zen Zorba izeneko norbait ezagutu zuen, eta nobelan kontatutakoak egiazko gertakarietan oinarrituta omen daude, nahiz fikzioak ere leku handia izan. Zorbak eta Kazantzakisek ez zuten lurra zulatzen lignitoa bilatzeko. Eginkizun hura pikutara joan zen, baina aitzakia bat zen. «Guk beste helburu batzuk ditiagu», zioen benetako Zorbak. «Barruan zer arraio daramagun jakiteko ari gaituk lurra zulatzen».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos