http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zinemaldia, gero eta euskaldunago

'Handia' filmaren eszena batzuk Bilbon grabatu ziren. / Fernando Gómez

Donostiako jaialdiko saririk garrantzitsuena lortu dezake 'Handia'. Euskaraz grabatutako pelikula Urrezko Maskorra lortzeko lehian sartu da

Silvia Cantera
SILVIA CANTERA

Irailean Donostiak Zinemaldia ospatuko du berriz ere. Aurtengoa 65. edizioa izango da eta duela aste batzuk antolatzaileek adierazi zuten bezala, Ricardo Darín aktoreak Donostia saria jasoko du. Aurtengoa ez da Argentinako antzezlearen lehenengo aldia Gipuzkoako kapitalean. Izan ere, duela bi urte Zilarrezko Maskorra partekatu zuen Javier Cámara aktorearekin. 'Truman' pelikulako protagonistak ziren biak. Baina atzerriko izarrak kontuan dituen arren, Zinemaldiak ere bertako ekoizleak zaintzen ditu.

Ricardo Darínen presentzia ez da aurtengo Zinemaldiko ospatzeko kontu bakarra. Urrezko Maskorra lortzeko lehian 'Handia' filma izango da. Jon Garaño eta Aitor Arregi zuzendari eta gidoigileek euskaraz grabatutako pelikulak jaialdiko sari nagusia irabazteko aukera izango du.

Urrezko Maskorra irabazteko lehian sartzeaz gain, 'Handia' filmak oso momentu berezia disfrutatuko du Donostian. Bertan izango da bere estreinaldia. Informazio hau guztia Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak eman zuen Madrilen. Honetaz gain, Zinemaldiaren 65. edizioko programazioan espainiar ekoizpeneko 21 film sartuko direla jakinarazi zuten.

'Loreak' lehenengo pausua eman zuen

Jose Mari Goenagarekin batera, Jon Garañok 'Loreak' filma sortu zuen. Goya sarietarako bi izendapen lortu zituen eta Espainiak Oscarretan lehiatzeko aukeratu zuen. Gainera, Zinemaldiako Urrezko Maskorra eskuratzeko abagunea izan zuen. Oraingo honetan, Garañok Aitor Arregirekin batera, 'Handia' sortu du, Altzoko Haundia ezizenez ezaguna zen Miguel Joaquin Eleizegiren (1818-1861) benetako istorioa. Haren giza alderdia eta garai hartako gizartearekin zuen harremana aztertu egiten da gidoian.

Horrez gain, Zabaltegi-Tabakalera sailaren lehiaketan parte hartuko du Koldo Almandozen 'Plágan' (Kimuak, 2017) film laburrak. Joan den urteko edizioan, Almandoz 'Sipo Phantasma' lanarrekin lehiatu zen sail berean. Bestalde, Belodromoan estreinatuko da 'Fe de etarras', Borja Cobeaga zuzendariaren laugarren film luzea, Diego San Josek idatzia, eta Javier Cámara, Julián López, Miren Ibarguren eta Gorka Otxoa protagonista dituena.

Fotos

Vídeos