http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

ZINEMA DELA ETA

Roberto Moso
ROBERTO MOSO

Literaturan ETAren gaiak emaitza bikainak eman dituen arren, ez nuke esango nik, ez, ETAren ibilbideak ikus-entzunezkoetan oso ganorako isla izan duenik. Oraingoz behintzat ‘The Cryng Game’, ‘The Boxer’ eta ‘In The Name of The Father’ lanen mailakorik ez da izan, eta, egin diren filmei errepasoa eginez, nabariak dira, oro har, ikuspegi topikoak, manikeoak, eta finean, kalitate eskasekoak.

Honetan gehien saiatu dena Imanol Uribe da. ‘Segoviako Ihesa’ (oraindik ikusi ez baduzu, ETB ikusten ez duzulako da, ezbairik ez), ‘Burgosko Auzia’ eta ‘Días Contados’ lanek (agian gai honi buruzko sarituena eta Ipar Irlandaren inguruan egin denarekin konparagarriena) beraren sinadura daukate. Multzo berean ‘Mikelen Heriotza’ koka liteke, nahiz eta ETAren papera lehen planoan ez izan. Azken bi hauen gidoietan, militantzia, maitasun edo sexu gabeziarekin erlazionatzen dira zuzenean.

Carrero Blancoren hilketa bi lan ezberdinetan izan zen argudio-ardatz: Jose Luis Madriden ‘Comando Txikia’ (1976) eta Gillo Pontecorvoren ‘Operación Ogro’ (1979) lanetan. Bitxia bada ere, trantsizio garaiko produktuak izan arren, etakideak ez daude gaizkile moduan bereziki marraztuak eta bietan ekintza bera da bilbearen mamia. Inola ere komediak ez izan arren, niri saihestezin egiten zait José Sacristan edo Juan Luis Gallardo aktoreak etakideen paperetan ikustean barrez ez lehertzea.

Garai hartan ‘Ehun Metro’, ‘Irrintzi’ eta antzeko eskaintzak ugaldu ziren. Mezua nahiko antzekoa zen pelikula hauetan guztietan. Francoren diktadura eta euskaldunen kontrako errepresioa ETAren sorreraren atzean zeuden.

Zerrenda urtez urte gehituz joan da, baina ez, ordea, zinemaren historian gogoratuko diren produktuak. Zenbait izendatzearren: ‘Goma-2’ (1984), ‘Ander eta Yul’ (1969), ‘Yoyes’ (2000) eta ‘El Lobo’ (2004).

Aipamen berezia mereziko luke Medemen ‘La Pelota Vasca’ lanak, lortu zuen oihartzunagatik besterik ez bada ere, nahiz oraingo testuinguruan ikusia, zaharkitu samar agertzen zaigun.

Guztiz ulergarria denez, umorea ez da honelako pelikuletan sarritan erabili den generoa. ‘Negociador’ (2014) eta egun hauetan estreinatu den ‘Fe de Etarras’ nolabaiteko intentzio komikoa duten lehenak izan daitezke. Kasu bietan argi dago zein den aurrekaria: ETBk urteetan ekoitzi duen ‘Vaya Semanita’ umorezko telesaioa. Izan ere, Borja Cobeaga zuzendaria, programa honen sorreran zegoen, nahiz ETAri buruzko sketchak ohikoak ez izan, zenbait denboraldi pasa arte.

Egunen batean, etorkizuneko soziologoek, umoreak ETAren desmitifikazio prozesuan zenbaterainoko eragina izan duen ikertu beharko dute. Normalean serio demonio eta beldurgarri agertzen zena, barregarri agertu zitekeen, eta sumoa dut horrek, neurri batean, mitoa apurtzen lagundu zuela.

Eszena batzuetan erregistro komikoa erabili arren, ‘Negociador’ ez da, berez, umorezko film bat. Barre eginarazteko bokazio argiagoa erakusten du aurtengo ‘Fe de Etarras’ lanak, nahiz eta ironiak eta sarkasmoak nagusi izan nahi duten sasi-komedian.

Vaya Semanita garaian gertatzen ez zena, ETA ez dago jada indarrean. Francoren txisteekin gertatzen dena errepikatzen da nonbait. Franco hil ostean aitonaren ipuin bihurtu dira. Gatza eta piperra erabat amaitu zaie.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos