http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zinebi 59aren txanda heldu da

Gaur hasiko da jaialdia euskal film laburren emanaldiarekin eta Alberto Iglesiasi Ohorezko Mikeldia emanez

ELCORREO.COM

Arriaga antzokian ekingo dio gaur Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak bere 59. edizioari. Sail ofizialeko lehiaketan parte hartuko duten euskal film laburren proiekzioekin eta Alberto Iglesias konpositore donostiarrari Ohorezko Mikeldia emanez hasiko da jaialdia, 20:00etan.

Arduradunek gogoratu dutenez, «mugitzen ari diren irudien esanahi dramatikoa indartzeko duen talentuaren bitartez, bere sorkuntzarako erabateko askatasuna eta bere partituren intentsitate emozionala gaur egungo zine zuzendari handienetako batzuen esku jartzeko gai izan den musikariaren lan osoa» aintzatetsi nahi izan du Zinebik, Alberto Iglesiasi Ohorezko Mikeldia emanez.

Guztira, 62 filmek hartuko dute parte sail ofizialean, hiru generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko: fikzioa (24), dokumentala (21) eta animazioa (17). Lehiaketarako aukeratu diren lanen artean, euskal zinemagileek egindako sei daude, eta jaialdiaren inaugurazio ekitaldian eskainiko dira: Koldo Almandozen 'Plágan' (dokumentala), Aitor Gametxoren 'Una sinfonía en silencio (Cicha Symfonia)' (dokumentala), Iñigo Salaberriaren 'Lo-ibiltariak' (dokumentala), Bego Vicarioren 'Areka' (animazioa), David Perez Sañudoren 'Aprieta, pero raramente ahoga' (fikzioa) eta Violeta Trincadoren 'Zacarías' (fikzioa).

Euskal film laburrak (hiru dokumental, fikziozko bi eta animaziozko bat), ostegun honetan aurkeztu dira komunikabideen aurrean, Bilboko Azkuna Zentroan. Bego Vicario, Aitor Gametxo, Iñigo Salaberria, Koldo Almandoz, David Perez eta Violeta Trincado zinemagileak bertan egon dira, Ernesto del Rio Zinebiko zuzendariak eta Vanesa Fernandez Guerra jaialdiko programatzaileak lagunduta.

Sei film horiek lehiatuko dira Zinebiko sari nagusia (7.000 euro), fikzio, dokumental eta animazioko Urrezko Mikeldiak (4.000na euro) eta Zilarrezko Mikeldiak (3.000na euro kategoria bakoitzeko) lortzeko. Horrez gain, SGAE Fundazioa-Euskadi Kontseilua Sariak ere lortu ahal izango dituzte: euskal musika hoberenaren saria (1.000 euro), euskal gidoi hoberenaren saria (1.000 euro) eta euskal zuzendaritza hoberenaren saria (1.000 euro).

Sari horiez gain, Zine Espainiarraren Sari Nagusia (5.500 euro), Film Latinoamerikar Hoberenaren Mikeldia (4.000 euro), EiTBk babesten duen Ikus-entzuleen Saria (1.500 euro), FAS Zineklub Saria eta Unicef saria ere banatuko ditu Zinebik.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos