http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zientzia Astea inauguratuko da gaur, Bilbon

Aurreko edizioetan instalatutako karpa bat./J. Andrade
Aurreko edizioetan instalatutako karpa bat. / J. Andrade

Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen duen jaialdia izaera ludikoa eta pedagogikoa duen eta adin guztietako jendeari irekita dago

Izaera ludikoa eta pedagogikoa duen eta adin guztietako jendeari irekita dagoen Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) XVII. Zientzia Astearen inaugurazioa izango da gaur Bizkaia Aretoan, Bilbon. Gaurtik igandera arte Bilbon eta Barakaldon, ostegunetik igandera Gasteizen, eta ostegunetik larunbatera Donostian ospatuko da jaialdi hau, EHUk jakinarazi duenez.

Euskal gizartea zientziaren eta teknologiaren mundura erakartzea eta jakin mina piztea dira ekimenaren helburuak. «Zientzia entzun, dastatu, ikusi, usaindu, ukitu eta sentitzeko aukera paregabea da, eta, hain zuzen ere, horretan egunero lan egiten duten EHUko irakasle eta ikertzaileen eskutik», adierazi dute unibertsitateko arduradunek.

Egoitza guztiak kontuan hartuta, 52 txoko zientifiko, 60 tailer baino gehiago eta 42 txangok osatuko dute aurtengo eskaintza. Gainera, zientzia ikuskizun bat (lau egoitzetan egingo dira saioak), lau lehiaketa eta bakarrizketa zientifikoen Zientzia Club egitaraua atondu dira.

Inaugurazio ekitaldia 11:00etan hasiko da, eta Patxi Juaristi Bizkaiko campuseko errektoreordea, Jose Luis Martin Ikerketako errektoreordea, Oihane Agirregoitia Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzi ordezkaria eta Adolfo Morais Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea bertan izango dira.

Halaber, inaugurazioaren aurretik, 09:30ean, Zientzia Asteak «ateak irekiko dizkie» Bizkaiko ikastetxeei, eta bigarren hezkuntzako ia 3.500 ikaslek gaurtik ostiralera arte egingo dituzte Bizkaia Aretoan jarritako txoko zientifikoetan ibilaldi gidatuak. Bisitak bereziki diseinatu dira bigarren hezkuntzako ikasleentzat, eta «oso interesgarri eta zirraragarriak» gertatu ahal zaizkie, batez ere, zein bide akademiko hartzeko unean daudenean.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos