http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

ZERUMUGA NON

Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Auziak oso mediatikoak direnean, gehienok epaitegiaren lehenengo lerroan egon nahi genuke. Prozedura judizialaren gorabeherak eta zehaztasun guztiak ezagutu nahi ditugu. Posible bada, nahiago dugu irudiak ikusi, eta bai defentsari bai akusazioari entzun. Komunikabideak jakinaren gainean daude, eta eskatzen duguna ematen digute. Auziek betidanik piztu dute geure kuriositatea; ez dut zentsuratu nahi, epaitegien sarreratan sortzen diren jende-parrastek gogaitu egiten banaute ere. Hori bai, nik ezin dut irudikatu ikusleak ebakuntza-gela batean sartuta, euren iritziak zabaltzen, kirurgialariak ebakuntza bat egiten duen bitartean; edo arkitekto famatu baten bulegoan pilatuta, planoak onartzen edo errefusatzen; edo sukalde profesional batean sukaldariari aholkuak ematen. Kuriosoak eta kontraesankorrak gara, zer esanik ez.

Lekukotasuna aldarrikatzen dugu zenbait bidegabekeriaren garapena epaitegietan jarraitzeko, baina -salbuespenak salbuespen- geure egunerokotasunean aurrez aurre dauzkagun bidegabekeriei ez diegu begiratu nahi. Zinismo dosi handi bat behar dugu geure bizitzarekin jarraitzeko. Lankideari egin dioten faena hori, lagun horren estutasun ekonomiko horiek, edo auzokoaren bakartasun-sentimendua alboratzen dugu. Lehenengo lerroan eserita bagaude ere, ez dugu lekuko sentitu nahi. Hori guztia dela-eta esaten nuen kontraesankorrak garela. Badirudi telebistan ikusten ditugun bidegabekeriek arduratzen gaituztela, batik bat. Urrutiko arazoak direlako, baliteke. Beste batzuek aurrera eramango dituzten batailak.

Kontraesankorrak gara oso. Negu gorrian udako itsasertzekin egiten dugu amets: oinutsik gaude, giro goxoan, eguzkia ezkutatzen da poliki-poliki, zerumuga gorrituz, gau epel bati ongietorria emanez. Baina uda heltzen denean, hondartzan gaudenean, mugikorrari begira gaude edo mugikorrarekin argazkiak ateratzen eta edozeini bidaltzen. Zeri edo nori so egin behar diogun erabat ahaztuta izango bagenu. Zerumugari begiratu gabe, alboan dugunari begiratu gabe; aterpe baten bila, euririk ari ez badu ere. Kontraesanaz kontraesan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos