http://static.elcorreo.com/www/multimedia/201707/04/media/zabalik-logo-ec.jpg

Zerga bilketa %10,7 igo da Bizkaian urtearen lehenengo erdian

Zuzeneko zergen ondoriozko bilketa metatua, esate baterako, 1.272,8 milioi euro izan da, iaz baino 262,5 milioi gehiago

ELCORREO.COM

Zerga itunduen bidez 3.234,8 milioi euro bildu dira Bizkaian urtarriletik ekainera bitartean, hau da, 2016ko aldi berean baino 313,9 milioi euro gehiago (2.920,9 milioi bildu ziren iaz). Horrela, zerga bilketa %10,7 igo da, Bizkaiko Aldundiak jakinarazi duenez.

Zuzeneko zergen ondoriozko bilketa metatua 1.272,8 milioi euro izan da, iaz baino 262,5 milioi gehiago, eta horrela, %26 igo da. Zuzeneko zergapetzearen arlo nagusien artean, PFEZaren diru bilketa (1.028,2 milioi) %4,4 igo da, eta bilketa horren osagaien artean lanaren errenten gaineko atxikipenak nabarmendu dira, %2,8 igo dira eta.

Sozietateen gaineko Zergaren bilketak ere igotzen jarraitu du, bilketa gordina igo delako, batetik, eta itzulketak murriztu direlako, bestetik. Horrenbestez, Sozietateen gaineko Zergaren ekainera arteko bilketa metatua 124,1 milioi euro izan da, eta iazko lehen seihilekoan, aldiz, -33,1 milioi euro izan zen.

Bizkaiko Aldundiak gogoratu du oraindik ez direla kontabilizatu amaitu berri den errenta eta ondarearen aurtengo kanpainako eta hasi berri den sozietateen gaineko zergaren kanpainako azken datuak.

Zeharkako zergapetzeari dagokionez, 1.657,4 milioi euro bildu dira, 2016an bildutakoa baino 4,8 milioi gehiago (%0,3). Aldundiak berak kudeatzen duen BEZaren bilketa likidoa %3,4 murriztu da (1.204,2 milioi): aurretik dakarren joera negatiboa mantentzen du, bilketa gordina gutxitu eta itzulketak handitzearen ondorioz. Ordea, zerga bereziak %3,2 hazi dira eta, batez ere, hidrokarburoak zergapetzen dituena hazi da; hari esker 338,4 milioi euro bildu ditu Bizkaiak.

Foru aldundien arteko barne doikuntzei dagokienez, Bizkaiak 140,2 milioi euro ordaindu dizkie Arabari eta Gipuzkoari BEZaren ondorioz eta 128,6 milioi, berriz, zerga berezien ondorioz.

Bestalde, tasak eta bestelako sarrerak direla-eta 36,6 milioi euro bildu dira, 2016an baino 5 milioi gehiago. Kudeaketa propioko zerga itunduen bidezko bilketa 2.966,8 milioi euro izan da ekainera bitartean: %10,1 igo da. Estatuarekin egindako doikuntzak gehitu behar zaizkio bilketa horri: 341,3 BEZean eta -73,3 milioi zerga berezietan, hurrenez hurren.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos