http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Zerez eginda nago?' eta 'Me dijeron' Beldur Barik lehiaketaren irabazleak

'Zerez eginda nago?' eta 'Me dijeron' Beldur Barik lehiaketaren irabazleak

Epaimahaiaren ustez, umorea baliatuz ahalduntzea sustatzen duten mezuak ematen dituzte gizarteak emakumeei inposatzen dienari buruz

I.AGOTE

Lehen kategorian (12-17 urte) 'Zerez eginda nago?' bideoak irabazki du; bigarrenean (18-26 urte), berriz, 'Me dijeron' izenburua duenak.

Anrana Laghzale, Mariama Dioulde Balde, Sharon Riascos, Bintou Keita, Felister Ngui, Fatumata Traore eta Bintou Traorek landu dute 'Zerez eginda nago?' bideoa, eta 300 euro irabazi dute. Epaimahaiaren ustez, umorea baliatuz ahalduntzea sustatzen duten mezuak ematen dituzte gizarteak emakumeei inposatzen dienari buruz. Egunerokoan gertatzen zaizkien desberdintasun egoerak identifikatzen dituzte, baina biktima papera alde batera utzi eta kultura matxistari aurre egiten diote, beren bizitza helburuak markatuz estrategia gisa.

'Me dijeron' bideoaren egilea Miriam Martínez Rendo da, eta 300 euroko saria eskuratu du. Protagonistak gizarte patriarkalak emakumeei helarazten dien mezuari erreparatzen dio, jasaten dituzten desberdintasunez erantzule bihurtzen baititu nolabait. Emakumeek biktima pasiboaren papera gainditu eta sistemarekin kritiko direla ikusten da bideoan. Era berean, Miriamek aurre egiten dio indarkeria matxistari, berdintasunen oinarritutako umeen heziketa azpimarratuz. Azken finean, mutilen erantzukizunaz, emakumeak erruztatzeaz, kaleko jazarpenaz eta beldurraren sozializazio bereiziaz mintzo zaigu.

Azkenik, 'PolikiTXO' lanak aipamen berezia lortu du. Hitzek Beldur Barik jarrera ezin hobeto islatzeaz gain, bideoaren egileek (Destiny Osarumwense, Marleny Nessy Diaz, Issa Diallo, Junior Acha, Trinity Pembele, Destiny Pembele, Hassnain Ahmad, Valentina Bergara, Sucayna El Baghdadi, Chioma Amagwula, Irune Aguirre, Askoa Uriarte eta Princess Ogbeide) garatutako prozesua aitortu da, zeinek azaroaren 3ko aurre-topaketan parte hartu baitzuten, Artiumen. Egun horretan, musikaz hausnartu zuten gazteek, kanta baten bertsioa landu eta grabatu, koreografia bat sortu eta bideoklip bat grabatu, lehiaketara aurkeztearren. Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuaren laguntzarekin egin zen jardunaldia.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos