http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ur Zerbitzuen Elkarte Nazionalen Europar Federazioaren urteko batzarra egingo da Bilbon

Uraren arloko Europako 100 aditu baino gehiago bilduko ditu hitzorduak

ELCORREO.COM

EurEau -Ur Zerbitzuen Elkarte Nazionalen Europar Federazioaren (European Federation of National Associations of Water Services)- urteko batzarra egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian, urriaren 18, 19 eta 20an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren 50. urteurrenarekin bat eginik. Uraren arloko Europako 100 aditu baino gehiago bilduko dituen hitzorduak Ur Horniduraren eta Saneamenduaren Espainiako Elkartearen (AEAS) laguntza izango du, zeinak estatuko ur operadore guztiak, publikoak nahiz pribatuak, ordezkatzen dituen EurEau elkartean.

Ur Partzuergoak eginkizun garrantzitsu eta aktibo bat dauka EurEau elkartean; halaber, ordezkari bat dauka Saneamenduko Biltzarrean. EurEau elkarteak Europar Batasuneko herrialdeetako ur-elkarte nazionalak biltzen ditu eta Europan hornidura- eta saneamendu-zerbitzuak ematen dituzten operadore publikoei eta pribatuei ahotsa ematen die. Guztiek batera 400 milioi pertsonari ematen dizkiete zerbitzu horiek.

Biltzarraren lehenengo jardunaldian, lan-batzordeek hainbat gai jorratuko dituzte, besteak beste: ingurumenaren babesa, mikrokutsatzaileak, kutsatzaile berriak, urak ekonomia zirkularrean daukan balioa, berrerabilpena, aldaketa klimatikoaren inpaktua, berrikuntza teknologikoa eta hiriko uren kudeaketan aplikatutako aurrerakuntza zientifikoak, bai eta, besteak beste, Uraren Esparru Zuzentarauarekin edo Edateko Uraren Zuzentarauarekin zerikusia duten EBren politiketan aurreikusitako berrikuspenak ere.

Bigarren egunean, biltzarraren osoko bilkura egingo da, ardatz nagusi hau izango duena: 'NBEren Garapen Jasangarrirako Helburuak Europan ezartzea: ur-zerbitzuen eginkizuna hiri jasangarrien horniduran'. Saio horretan, NBEko eta Europako Batzordeko hainbat ordezkarik parte hartuko dute, besteak beste: Peter Koefoed Bjørnsen aldaketa klimatikoaren eta uraren alorreko adituak eta Marta Morén Abat komisarioak. Azken horrek taldeari eskainiko dion hitzaldian zera jorratuko du: NBEren Garapen Jasangarrirako Helburu berriak lortzeko ur-kudeatzaileek egin ditzaketen ekarpenak, 6. zenbakian arreta berezia jarriz (saneamenduaren eta kalitatezko uraren hornidura unibertsalarekin zerikusia duena). Biltzarraren azken egunean EurEau elkarteko kideek batzar nagusia egingo dute.

Gazteei zuzendutako lan-topaketa

Bilbao Bizkaia Ur Partzuegoak hainbat jarduera antolatu ditu urtearen amaierara arte 50. urteurrena ospatzeko. Ildo horretatik, EurEau-ren urteko biltzarraz gain, azaroan Young Water Professionals -International Water Association elkarteko profesional gazteen estatuko adarra- taldearen lehenengo foroa egingo da Bilbon. Uraren sektorearekin lotuta dauden eta profesionalak diren 35 urtetik beherako gazteei zuzendutako lan-topaketa izango da, uraren egungo kudeaketaren eta ur-azpiegituren gaineko gaiak jorratzeko.

Young Water Professionals (YWP) sarea International Water Association (IWA) elkartearen ekimen global bat da. Estatu mailan, 2015. urtean sortu zen uraren munduko gazteen garapen profesionala sustatzeko eta errazteko. Aurtengo helburuen artean kideen arteko loturak sendotzeko eta nazioarteko kokapena hobetzen jarraitzeko balioko duen biltzar bat egitea zehaztu zen. Gaur egun, sarea 130 kide baino gehiagok osatzen dute eta uraren sektoreko profesionalen artean toki garrantzitsu bat hartzea lortu du.

Foroaren egitaraua oso dinamikoa eta parte-hartzailea izatea da asmoa, edukiak sakondu eta lotura berriak sortzeko modukoa. Sarearen gai nagusiak jorratuko dira: uraren 4.0 sektorea, baliabide hidrikoen kudeaketa integratua eta uraren sektoreak industrian eta nekazaritzan daukan eginkizuna. Hitzordu honetan Ur Horniduraren eta Saneamenduaren Espainiako Elkarteak (AEAS) eta UPV/EHUk ere parte hartuko dute.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos