http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zentzurik ez

Bizitza da literaturaren muina, baina literaturak eta bizitzak mekanismo ezberdinak dituzte

Emakume bat, hondartzan, liburu bat irakurtzen./S. López
Emakume bat, hondartzan, liburu bat irakurtzen. / S. López
TXANI RODRÍGUEZ

Idazle askok adierazi dute literaturak bizitza imitatzen duela; beste askok pentsatzen dute, aldiz, bizitza dela literatura imitatzen duena. Nire uste makurrean, ez bizitzak ez literaturak ez dute asmatzen imitazioarekin. Bakoitzak bere bideak jorratzen ditu. Literaturan tentsio narratiboari eusten diote idazleek. Istorioek tonu eta erritmo aproposa izan behar dituzte; eta bukaerak, harrigarriak badira ere, ezin dira arinki suertatu. Ikuspuntu horretatik, bizitza nahiko anarkikoa dela onartu behar dugu. Bizitzak eta literaturak alde handia dute; izan ere, idazleek aitortu dute maiz literatura edo bizitzaren artean hautatu behar dutela, baina nork aukeratu lezake bata ala bestea? Eskarmentuak eta ezagutzak lortzeko bizi behar dugu, baina esperientzia horiek lortzen ditugun bitartean, ezin dugu idatzi. Maitasunak, esaterako, mesede handia egiten dio bizitzari, baina sorkuntzarako desamodioa mesedegarria dela uste dut.

Anjel Lertxundiren nobela berrian, 'Horma'-n, hauxe irakur dezakegu: «(…) bizitza, literaturaren muina, kalean ikasten da, harremanetan, lokatzetan, borrokan, porrotean. Baina bereziki, liburuetan. Bizi-peripezia asko izan arren, libururik irakurri gabe, ez dago idazlerik». Bizitza da –bat nator oriotarrarekin– literaturaren muina; baina literaturak eta bizitzak mekanismo ezberdinak dituzte. Bizitzak, adibidez, ez dio erritmoari begiratzen eta are gutxiago, bukaerei. Duela aste batzuk, bikote gazte batek autoa hartu zuen emakumearen urtebetetzea leku berezi batean ospatzeko. Kantabriako Los Corrales de Buelna herrian bizi ziren. Herri horretan bertan, auzoko beste batek ere hartu zuen bere autoa; baina berak kontrako norabidean gidatu zuen. A-8 errepidearen puntu zehatz batean bi autok talka egin zuten, eta bikote gazte horren etorkizuna ez zen gehiago etorkizun izan. Bizitzak ez ditu amaierak zaintzen; absurdoak dira, arinegiak, bidegabekoak. Bizitza ulertezina delako irakurtzen dugu batzuok, hain zuzen ere. Kontsolamenduaren bila, hainbat gauzari zentzua aurkitzeko, besteen eskarmentuak ezagutzeko, besteen hausnarketak barneratzeko, literatura erlijio bakarra izanda.

Baina, lehen aipatu dudanez, ez dut uste bizitzak literatura imitatzen duenik ezta alderantziz ere. A-8 errepideak ez luke izan behar inoren amaiera. Bizitza zoragarria izan daiteke, baina, artistikoa, inoiz ez.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos