http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zazpi atedun Tebas hura

«Nora jo zuten harginek Txinako harresia bukatu zen iluntzean?». Zer gertatu zen haiekin harresi hilezkor hori eraikitzen lagundu eta gero? Babestu al zituen harresiak?...

Aritz Gorrotxategi
ARITZ GORROTXATEGI

Zazpi atedun Tebas hura», hasten zen Brecht-en ‘Langile baten galderak’ poema, Laboaren ahotan ezagutu genuena, «nork eraiki zuen?». «Liburuetan errege izenik baizik ez da ageri». Poemak hainbat adibide azaleratzen ditu: Babilonia, Lima distiratsua, Txinako Harresia, Zesarra, Bizantzio, Alexandro gaztea, Felipe Espainiakoa… Urrezko letrez idatzitako garaipen edo lorpen handi baten atzean beti daude langileak, izen anonimoak. Hori esatera dator Brecht. Izen handi horiek ez liratekeela deus atzetik dagoen lan anonimorik gabe; historiaren gauean ahaztuta geratu diren esku eta bizitza apal horiek gabe.

«Nora jo zuten harginek Txinako harresia bukatu zen iluntzean?». Zer gertatu zen haiekin harresi hilezkor hori eraikitzen lagundu eta gero? Babestu al zituen harresiak? Harresi gehiago egiten jarraitu al zuten? Ezagutu al zuten harresiaz beste aldeko bizitza, ‘basati’ena alegia? Bakean hil al ziren, senideez inguratuta? Unamunok intrahistoria deitzen zuen hori ere izan daiteke Brecht-ek aldarrikatzen zuena, gertakari handien atzealdean dagoena, ikusten ez dena, komunikabideetan agertzen ez dena. Orokorrean mundu zaharrarekin lotzen dugu ikusezintasun hori: erregetzak, inperioak, dinastiak, eguzkia sartzen ez den domeinuren bat, konkistak… Izen handiek erabakitzen omen dute historiaren norabidea; haien jeinuari zor diogu garaipen hau ala bestea, porrot hau ala bestea. Anibalek begien aurrean izan zuen Erroma, baina hura ez setiatzea erabaki zuen. Batek daki zer gertatuko zen setiatzea erabaki eta lortu izan balu… Erromaren ordez, Kartago izan balitz lehia hartatik garaile atera zena. Baina Anibalek bakarrik egin al zuen lan guztia? Bonapartek bakarrik konkistatu al zuen ia Europa osoa? Kolonek bakarrik deskubritu al zuen Amerika? Hain zuzen ere, Tolstoik hori gezurtatzeko idatzi zuen ‘Gerra eta bakea’. Eleberri horren epilogoan argudiatu zuenez, gertakari historikoak ez dira heroi gutxi batzuen ekintzetatik sortzen, hainbat herritarren mugimendu txikietatik baizik.

Inperialista hitza faxista hitzaren ondoan jartzen dugu hizketa politikoan

Zibilizazio ikur gisa aurkezten zaizkigu garaitza arkuak, piramideak, tenpluak, katedralak eta abarrak. Neurri handi batean hala dira, baina bada gauza deigarri bat horren atzean. Walter Benjaminek zioen bezala, «Ez dago zibilizazio lekukotasunik basakeriarik gabe». Egipton lehorreratu baino lehen, Bonapartek honako hau esan zien 1798an bere tropei: «Soldaduok, zibilizazioarentzat eta mundu mailako merkataritzarentzat ondorio neurtezinak izango dituen konkista bat burutu behar duzue». Zibilizazioa teknika eta lanen zabalkundea zen Bonaparterentzat. Alde horretatik zuzen zebilen, Egiptoko konkista hark merkataritza sendotu baitzuen, baita ezagutza ere. Baina ez al dira iraganeko obra handi horiek, halaber, basakeriaren ikur? Louvre museoan Antzinako Egiptoko arte-lanak ikusten baditugu, ez al gara basakeria ere gurtzen ari? Jainkoaren berri ona indarrez zabaltzera zihoazen haiek ere, zer eredu ematen zieten Ameriketako indiarrei? Zenbat langile hil ziren katedralak eraikitzen baldintza ankerren erruz?

Yuval Noah Harari historialariak gogoeta interesgarria egin zuen inperioaren kontzeptuari buruz ‘Sapiens. De animales a dioses’ saiakeran. Inperioek herri askoren ezaugarriak ezabatu zituzten, bai eta aniztasuna murriztu ere. Inperialista hitza faxista hitzaren ondoan jartzen dugu hizketa politikoan. Hala ere, historialariaren ustez, inperioa izan da munduan izan den antolaketa politikoaren modu ohikoena. Inperio guztiak beltzez margotzea eta inperioetatik jasotako herentzia guztiak arbuiatzea giza kulturaren zati handi bat baztertzea litzateke. Are gehiago, inperio gehienek zibilizazio hibridoak ekarri dituzte, eta menderatutako herri askoren gauzak ere bereganatu dituzte. Zibilizazioa ezarri dute basakeria erabilita. Eta boterea hedatzeko asmoz sortu zen zibilizazio prozesutik etorri da, neurri handi batean, unibertsaltasunaren ideia. Posible izango al zen gaur egun ezagutzen dugun aurrerakuntza teknologikoa inperiorik izan ez balitz? Paradoxaz betetako gaia da.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos