http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zatiak jaso

Kataluniako gehiengo zabal batek bere etorkizuna erabakitzeko gogo irmoa duela erakutsi dute urriaren leheneko jazoerek. Oso okerreko baldintzetan, keinua izan zen beste ezer baino garrantzitsuagoa, bozkalekuetara gerturatu eta asmo hori adieraztea

Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Zorigaiztoko hainbat sasoitan jazarpena baliatuta erabakitzen zirenetako asko gaur egun nazioarteko iritzi publikoari begira galdu ala irabazten dira. Espainiako Gobernuak badaki, eta oso kezkatuta egon beharko litzateke. Bozkatu gura zutenei atzo polizia eta guardia zibila oldartu izanak ez dio betere mesederik egingo Kataluniari begirako haren estrategiari, egotekotan. Jokamolde horrek eta irudi horiek atzeraezinezko zenbat ondorio eragingo dituzten da kontua orain. Eta, ematen duenez, alde bien arteko azken urteotako haustura gero eta handiagoa sakondu besterik ez du egingo, ia ezin bideratzeraino.

Independentziaren aldeko hautuak horrenbesteko gorakada izateko, beste aldean norbait oso gaizki aritu da. Estatut berriaren aurrean PPk azaldutako jokabidea jo izan da egungo prozesuaren jatorritzat, zuzen ziurrenik. Ez zelako horri begirako oposizio soila izan berea, Kataluniako gehiengoaren aurreko iseka baizik, epe laburreko norbere interes politikoen mesedetan bizikidetza astintzea. Eta hori larria izanik, abiapuntua besterik ez zen. Geroztik, behin Gobernura iritsitakoan, ezer ez egitea izan da Mariano Rajoyren goiburua, arazoa usteltzen uztea, ekimen politikorik gabe auzia bidera zitekeela uste izatea. Baina, gero eta gordinagoa da, kontrolaezinagoa, atzerabueltarik gabekoagoa.

Hamarkada batean-edo kataluniar askok Espainiarekin izan zitzaketen lokarriak apurtzen joan dira. Herritar soilei zein hauek demokratikoki aukeratutako agintariei bete-betean eragin dien prozesu hau aurrean zituztenen zurruntasunarekin, inmobilismoarekin eta hankasartzeekin elikatu da. Garai batean bateragarri iruditzen zitzaiena bateraezin ikusten dute gaur egun, eta independentzia prozesu bat bururaino eramateko aukeraz galdetuak izateko eskubidea aldarrikatzen dute. Gertaera politikoek errealitate soziologikoa erabat baldintza dezakete, egokitu edo aldatzeraino. Eta norbere nortasuna bezain intimoa dena hain sakon astindu duten horiek ezin dira nolanahikoak izan.

Alde horretatik, Estatut berria sekulako aukera galdua izan zen. Kataluniaren autogobernuari zegokionez inoiz aztertu gabeko hainbat aukera benetan aintzat hartzeko, eta Estatuaren egungo lurralde egitura sakon berraztertzeko. Baina lehenari ahalik eta oztoporik handienak jarri nahi izan zitzaizkion, ustezko pribilegioen eta 'batasun nazional hautsezinaren' inguruko mezu populistak baliatuta, eta bigarrena PPk ez du aipatu ere egin. Orain beranduegi izan daiteke ia denetarako: muturreko desadostasunak ahalik eta modu zibilizatuenean nola kudeatu ia besterik ez geratzeraino.

1978tik honako arkitektura instituzionalak gero eta arrakala handiagoak dauzka, eta Katalunian ia hondakinak baino ez dira geratzen atzokoaren ostean. Benetako aldaketek baino ez dute ahalbidetuko aurrera begirakoetan asmatzea. Eta horretarako ausardia politikoa behar da. PPk aski erakutsia du geroko gerotan geratzeko asmoa, besteak beste Katalunian errealitateak gainditu duen eredu zaharkitu bati modu obsesiboan eustekoa. Eta PSOEk ez du ez bere asmo federalik zehaztu, ez horrek lurralde arazoaren muinean onerako zein ekarpen egingo duen argitu. Horrela, bada, nekez bideratuko da.

Gaurtik aurrera hautsitakoaren zatiak jaso eta nondik jo aztertu beharko dute arduradun politikoek. Badira konponbiderako oso begibistakoak diren osagaiak. Kataluniako herritarren gehiengo zabal batek —%80 ingurukoak— adostutako galdeketa bat nahi du, bere etorkizuna erabakitzeko. Independentziari ezezkoa emango lioketen hainbat ere badira horren alde. Beraz, ezin zaio aukera horri berez muzin egin, batasun politikoaren funtsa herritargoaren borondatea izatekotan. Eta, alde horretatik, Estatuak lehen mailako arazoa dauka momentuon Katalunian.

Tartean, erabateko haustura ekidin nahi badu, Espainiako Gobernuari ekimen politikoa abiatzea dagokio, premiaz eta irudimenez.

Eta orain, zer? Hori da egoera honetan edozein begiraleren galdera. Erreferenduma ezin izan da baldintza egokietan egin, hain erabakigarri den antzeko orok ezinbesteko dituen horietan. Borondate bat adierazi du, baina eman duena ez da emaitza lotesle bat. Beharbada, Generalitateko presidenteak Parlament-erako hauteskundeak aurrera litzake, independentziaren aldeko blokeak gehiengo osoa lortzekotan berori aldarrikatuko dutela aurretiaz jakinarazita. Zaila ematen du honaino heldu eta gero Espainiako Gobernuarekin negoziatzen hastea, alde bien arteko distantzia handiegia delako jada, eta atzo kalera atera zirenetako gehien-gehienek ez dutelako hausturarena ez den beste agertokirik onartuko.

Egoera honetan, litekeena da goizago ala beranduago konfrontazio demokratikoa heltzea, batzuek eta besteek Kataluniako gizartean duten babes zehatza neurtzeko. Eta emaitza edozein delarik ere, ezer ez da lehen bezala izango. Bide berriak jorratu beharko dira baita ezezkoaren aldekoak gailendu arren. Autonomien Estatua jada ez da gai nazio izaerako erkidegoen behar eta gurari berriei erantzuteko. Eta hori izan zen berau sortzeko arrazoi nagusietakoa.

Urriaren lehena ez da oharkabean joango, Espainiako Gobernuak nahi zuen bezala; eta ez da erabakigarria izango, horretarako baldintzak errotik eragotzi direlako. Politikaren ordua da, beste behin. Katalunia ez da edozein herrialde, ez Espainian ez Europan. Berezko pisua du, eta begi asko pausatuko dira sekulako krisi honetan egitekoak diren hurrengo urratsei begira. Zuhur jokatu beharko dute alde batekoek zein bestekoek, bestelakorik ezean azken erabakia Kataluniako herritarren esku berme eta gardentasun osoz uzteraino. Politikak porrot egiten duenean ez dago beste irtenbiderik.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos