http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Zaleen mezuek asko hunkitzen naute eta askotan ezin diot negarrari eutsi»

Ana Goitia./
Ana Goitia.

Ana Goitia kazetari lekittarra 'plus size' influencer arrakastatsua da, egungo edertasun kanonetatik at

IZASKUN MOYANO

Sare sozialak horrenbesteko garrantzia hartu duten gizarte honetan, non asko diren hauei etekina ateratzea erabaki duten herritarrak. Marka handiek beraien produktuak erakusteko, jarraitzaile ugari dituen pertsona oro kontratatzea negozio bihurtu da. Azken finean, XXI. mendeko marketing teknika berriei buruz ari gara. Zale askok erreferente dituzten hauek 'Influencer' bezala ezagutzen dira. Oro har, ederrak, argalak eta altuak dira, modeloak bezalakoak.

Ana Goitiak ordea, ez du hauekin zerikusirik. Duela 10 bat urte blog bat ireki zuen. Garai hartan, Durangon egiten zuen lan, irratian eta bazkalorduan libre zituen bi orduetan aspertu egiten zen. Denbora pasatzeko bere bi pasioak, komunikazioa eta moda, uztartu eta horien inguruan idazten hasi zen. Hasieran bererarentzat egiten zuen, baina ezagun egiten eta zaleak batzen hasi zen heinean negozioa sortu zuen. «Sekula ez nuke pentsatuko inork irakurriko nindukeenik».

Berak irakurtzen zituen blogen estiloa jarraituz, sare sozialetan tartetxo bat egiten joan zen Ana. Hauek gazteleraz idazten zutenez, berak ere gauza bera egitea erabaki zuen. Egun, Espainia eta Hego Amerikan zale asko dituenez, erdaraz idazten dihardu. Baina bera euskaraz erosoago sentitzen da, Lekitton beti gure hizkuntzan komunikatu izan baita; eta gainera euskara da bere ama hizkuntza. «Egunen baten euskaraz idaztea gustatuko litzaidake».

Bere jarraitzaileek ordea, Anaren armairua izatea atsegingo lukete. Arropa asko omen du, bere pasioa da eta. Hala ere, ez du look bat errepikatzeko arazorik. Izan ere, bere ustez hor dago xarma; arropa berdina era ezberdinean konbinatu eta harro erakusten du. Ez da soineko bat jantzi eta ondoren saldu egiten duen horietakoa. Egunean janzten duen outfit-ari argazkia atera eta sare sozialetara igotzen du. Baina batzuetan selfie-ei uko egin eta bere senarra den Josebaren laguntza izaten du. «Zerua irabazita dauka», onartu du txantxetan.

Lehendabiziko urteetan aldiz, ez ziren barreak nagusi. Hastapenak gogorrak izan ziren Anarentzat. Izan ere, Europa mailan 'plus size influencer' bezala aitzindari izan zen lekittarra. Arropa erosi eta zuzenean igotzen zuen argazkia, soinean jantzi gabe, ez baitzitzaion bere irudia argitaratzea gustatzen. Egun batean, zaleak animatuta arropa soinean zeramala erakusten zuten argazkiak egiten hasi zen, eta askok egundokoak esan zizkioten: ‘Con los kilos que tienes, ¿cómo se te ocurre subir esas fotos?...’.

Baina ilehoriak, hitzoi muzin egin eta bere argazkiak zabaltzeari ekin zion. Izan ere, hor dago bere blogaren arrakasta. «Ez naiz modeloa. Naturala naiz, eta fisiko ezberdinetako jendeak jarraitzen».

Egun, iritzi txar bakoitzeko hogei on iristen omen zaizkio. Askotan, egiten duen lanagatik eskerrak ematen dizkiote. Idazten dituen sarrerek eta argitaratzen dituen argazkiek norbereganako segurtasun urria duten zaleei asko laguntzen die. «Heltzen zaidan mezu bakoitzak asko hunkitzen nau eta batzuetan negar egiten dut». Izan ere, Anak noiz edo noiz kotxea hartu eta zaleren bat edo besterengana hurbildu izan da, haien esperientziak zuzenean entzun eta besarkada bat ematera.

«Kazetaritza maite dut»

Asko zor die ilehoriak bere jarraitzaileei. Izan ere, hauei eskainitako laguntzari esker 'influencer' bilakatu eta marka handiekin aritu izan da lanean. Besteak beste, Tiffany's & Co., L'oreal, Eguzkilore, etab… Horrez gain, 'plus size' emakumeentzako arropa eta baita ume txikientzako ezaugarrien marka propioa sortu zuen. Baina blogger-a baino lehen kazetaria da Ana Goitia. Izan ere EiTB 1ko saioa den ‘Gure Kaxa’-n ikus genezake, eta beste programa batzuetan ere erredaktore lanetan aritzen da. Asteazken goizetan ordea, Gaztea Irratiko ‘Di-da’ saioan entzungo dugu.

Hala eta guztiz ere, luzaroan sare sozialetan aritzen jarraituko omen du. Baina egun, bere ogibidean lan egiteko abagunea duela kontuan izanda, ez du interneteko marketingetik etekina ateratzeko asmorik. Bere xedea, outfit-ak argitaratu eta bide batez jendeari laguntzea da. Alde batetik, lagun eta familiaren babesa duelako, eta bestetik zaleen berotasuna sentitzen duelako. «Guztia zor diet nire jarraitzaileei eta ezingo nuke eratu dudan familia birtuala inolaz ere apurtu».

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos