http://static.elcorreo.com/www/multimedia/201707/04/media/zabalik-logo-ec.jpg

Zaldiak ere akatzen ditugu ba

Ipuina

«Bizi osoan neure burua beste kezkarik ez dut izan eta orain, ikusten, ordaintzen ari naiz utzikeria hori»

IKER AYESTARÁN
FELIPE JUARISTI

Larunbat goiza zen eta astebete apenas geratzen zitzaigun Gabonetarako. Bezperan mara-mara egin zuen elurra, aspaldi egin ez balu bezala, eta egia da aspaldi geundela hirian elurra ikusi gabe. Mendietan, bai; baina mendiak urrutiegi daude etxeko ataritik haraino joaten saia-tzeko, baina gertu logelako leihotik begiztatzeko. Begiak oinak baino arinago egiten du bidea. Espaloi bazterrak elur kresalak zikinduta ageri ziren: behin beroa lanean hasi eta izotza urtuz joandakoan, giza oinetakoek beren arrastoa utzi baitzuten, bestetan bezala. Eguna lasai joango zi-tzaidalakoan, sua piztu nuen tximinian. Ez nuen kalera irteteko asmorik, ezta munduko urre guztiaren truke ere. Hori esaten nion neure buruari, baina banekien urrea ez dela sekula urri etortzen. Semeek Madrila alde egin zuten beren amarekin; hobeto esanda, amak alde egin zuen bere semeekin; ez dakit. Susmoa nuen hura ez ote zen i-tzulerarik gabeko bidaia; senak esaten zidan ezer ez zela berdin izango ordutik aurrera. Elkarrengandik banatzen hasiak ginen, agiririk gabe, asmoz eta desiraz besterik ez. Tamalez. Telefono-txirrina entzun nuen. Gure ama zen.

- Aita ospitalera ekarri diagu. Aditzen al duk, Fermin?

- Bakarrik zaude, ama?

- Bai.

- Eta besteak?

- Mikel Jakara joan duk familiarekin. Teresa Londresera; badakik, urtero bezala.

Entzuten ari nintzen ahots hartan ez zegoen ezer amaren barne egoera salatzen zuenik, ezta haren hitzetan ere ezer agindu edo eskaera gisa har zitekeenik.

- Nahi al duzu laguntzera joatea?

- Egin ezak nahi duana.

Egilea

Felipe Juarist:
Idazlea.
Jaiotze data:
Azkoitian, 1957an.
Ikasketak:
Kazetaritza eta Soziologia.
Bere lanak:
Literatur Gazeta eta Porrot aldizkarien sortzaileetakoa da. Poeta gisa da batez ere ezaguna hainbat bidumarekin.Hiz-lauzko lanik ere badu: ‘Intzentsua lurrean bezala’ (Baroja, 1988) kontakizuna, ‘Arinago duk haizea, Absalon’ (Erein, 1990) eta ‘Ez da gaua begietara etortzen’ (Erein, 2007) eleberriak. Haur eta gazte literaturari ere hainbat liburu eman dizkio eta sari asko jasotakoa da.

Gelaren zenbakia eman zidan. Taxi konpainiari deitu nion, sakelako telefonoa erabilita. Emakume ahots fin batek erantzun zidan eguraldi txarra zela-eta kalean jarrita zeuzkaten auto guztiak zerbitzuan zeudela, ez zegoela bat bera ere libre. Jantzi egin nintzen, bide luzea egiteko asmoz, eta oinez abiatu nin-tzen. Ordu erdi bat behar izan nuen etxetik ospitaleraino, baina ibilaldiak suspertu ninduen, eta iritsitakoan berotuta nengoen. Gelara igo aurretik, kafetegitik pasatu nin-tzen eta te bat hartu nuen pasta goxo batzuekin. Egunkariak saltzen dituzten denda irekita zegoela ohartu nin-tzen eta prentsa erosi nuen: lau egunkari ezberdin, errealitatearen alde guztiak har-tzeko asmoz baino gehiago, lau aldiz gehiago entreteni-tzearren. Irteterakoan, apal batzuetan liburuak zeudela konturatu nintzen. Deskuiduan ikusi nituen, ezkutatuta bezala baitzeuden, begirada guztietatik aparte, kondenatuak balira bezala. Polizia-eleberriak ziren, bigarren eskukoak, edizio zaharren batetik sobratutakoak. Banan-banan begiratu nituen, izenburuz izenburu aztertu nituen. Bat bakarra nuen ezaguna, Horace McCoyren ‘Zaldiak akatzen ditugu ba...’, 1935ean argitaratutako eleberria. Eskuan hartu nuen, ia ukitu gabea zen, eta modu onean saltzen zuten. Ordain-tzera hurbildu nintzen. Bide batez txikle-kutxa bat erosi nuen, badaezpada ere. Gelara igo nintzen. Amak musu bat emanez hartu ninduen. Begirada bat eman nion aitari. Gorputza tutuz josita zeukan, eta lo zegoen. Ondoan beste ohe bat zegoen eta bertan gizon bat, tutuen artean etzanda bera ere. Esna zegoen eta kosta egiten zi-tzaion arnasa hartzea. Egunkariak eta liburua aulki batean utzi nituen. Korridorera atera ginen.

- Zer gertatu zaio?

- Bihotzekoak eman ziok.

- Larria al da?

- Medikuek ez zakitek, edo ez ditek esan nahi. Oso nekatuta nagok, seme, gau osoa beilan pasa diat.

Kafetegiraino lagundu nion. Kafesnea edan zuen, zurrutaka, eta, hori gutxi balitz, pare bat madalena irentsi zituen, lehorrean lehor. Taxien geltokiraino lagundu nion. Ordu laurden bat itxaron behar izan genuen. Lanpetuta zebiltzan, antza, elurrarengatik.

- Deskantsatu, ama. Gaur behintzat. Gero hots egingo dizut.

Musu bat eman zidan, eta eskerrak ere bai. Alde egiten ikusi nuen, nekatuta zirudien. Hirira zihoan errepidea garbituta eta irekita zegoen. Errepidearen bazterretan elurra zegoen pilatuta, beltz eta gogor ordurako. Gelara igo nin-tzen. Aita esna zegoen. Uste dut irribarre egin zuela ni ikustean. Esku bat eskaini zidan, iharra eta zuria. Zuhaitz batetik botatako adartxo bat iruditu zitzaidan.

- Ez kezkatu, aita. Zurekin geratuko naiz, behar den denbora guztia.

Irribarre egin zuen berriro. Gelakideari begiratu nion. Agondu nahi zuen, baina ez zuen lortzen. Berarengana joan nintzen. Erraza izan zi-tzaidan ohean bizkarra zutik jartzea. Oso zegoen argala.

- Eskerrik asko. Adrian da nire izena.

- Eta zure familia?

- Ez dut inor familiakorik. Bizi osoan neure burua beste kezkarik ez dut izan eta orain, ikusten, ordaintzen ari naiz utzikeria hori.

- Ez horrelakorik esan.

Aitarengana jo nuen. Egunkariak eta liburua lurrean utzi eta aulkian eseri nintzen. Aita ohean altxatu zen pixka bat, ez zion utzi niri begiratzeari, ni han egoteak harrituko balu bezala, edo gehiegi fidatuko ez balitz bezala. Jaiki, harengana joan eta bekokia ukitu nion, lasaiago egon zedin. Ez zituen begiak itxi, baina aurpegiera aldatu zitzaion. Irribarrea ikusi nuen berriro. Eseri egin nintzen aulkian. Hamar minutu besterik ez nuen behar izan egunkariekin amaitzeko; sustantzia gutxi zuten egun hartan. Ezer berririk ez, mina minaren ondoren, baina paperaren ispiluan islaturik, are irrealagoa egiten zitzaidan dena. Gelako leihotik ikusten nuen elurraren zuritasun hura halakoa. Hamabost minutuan janda nituen txikle guztiak. Marrubi gustukoak ziren. Horace McCoyren liburua hartu nuen eskuan. Nonbait irakurria nuen, ez dut gogoan non, eragina izan zuela existen-tzialista frantsesengan, Simone de Beauvoirrengan bereziki. «Zein arin eta zalu doan denbora!», pentsatu nuen emakumeaz oroitzean. «Biziko balitz, ehun urte baino gehiago izango luke. Ez gara ezer». Aitak irribarre egiten zuen.

- Fermin, trantze honetatik aterako al naiz?

- Ez dut zalantza izpirik, aita.

Bera lasaitzearren esan nion. Eleberria irakurtzen hasi nintzen. Orrialde dezente irentsiak nituen, erizainak sartu zirenean, bi neska gazte: kementsuak eta adore-tsuak biak.

- Mundu guztia kanpora, lan egin behar dugu eta.

Ohean zeutzan haiez kanpo, gelan nengoen bakarra neu nintzen. Poztu ninduen, beraz, norbaitek niri munduaren tamaina eman izanak. Irribarre egin nuen errespetuagatik. Korridorera atera nintzen. Hango leiho handi zabaletik kanpora begira jarri zitzaizkidan begiak. Aurreko mendia elurrez okiturik zegoen. Mendiaren tontorrak distira egiten zuen, zurian zuri, eta nabarmendu egiten zen urrutian. Atsegina zen ikuskizuna, erakargarria erabat: bizitza hutsa.

- Sartu zaitezkete!

Gelak garbi usaina zuen. Aitari, berari hurbildu nin-tzenean jakin izan nuenez, kolonia tanta batzuk bota zizkioten soinean. Irribarre egiten zuen. Aldamenekoa etzanda zegoen, intzirika ari zen. Hurbildu nintzaion.

- Zer duzu, Adrian?

- Zu ikusten zaitudala aitarekin eta inbidiak jotzen nauela. Zergatik ez nuen nik familia bat sortu? Zergatik izan nintzen naizen bezain burugabea?

- Ez buelta gehiegi eman horri. Ez nekatu pentsatzen.

Liburua hartu nuen berriro. Baina ezin nuen burua hango lerroetan finkatu, ez nahi nuen bezala. Ezin lasai egon. Liburuko letrekin adiskidetzen hasitakoan, erizainak sartzen ziren sendagaiekin, edo termometroarekin edo bazkariarekin bestela. Egia esan, aitak pozik jan zuen dena, nire laguntzarekin, eta berehala amaitu zituen barazki krema eta arrain albardatua. Adrianek arrain pixka bat hartu zuen. Ez nuen lortu berak gehiago jaterik.

- A ze desgrazia den bakarrik bizitzea!

Doktorea sartu zen. Haren bisitaldiak aitzakia eman zidan kafetegira jaisteko mokadu bat jatera. Amari deitu nion sakelako telefonoaz. Oheratuta zegoen, lasaigarri bat hartua zuen. Ez zirudien oso gaizki zegoenik. Lasai, bai, behintzat. Igo nintzenean, doktorea nire zain zegoen. Nirekin hitz egin nahi zuen.

- Larria al da, jauna?

- Goiz da oraindik jakiteko. Egun batzuk hemen pasatuko ditu, ea bihotzekoaz gainera beste ezer ez ote duen ziurtatu arte.

- Eta Adrianek zer dauka?

- Bihotzeko nekea baino gehiago bizitzeko nekea duela esango nuke. Bera ere arretaz zainduko dugu, egun ba-tzuetan bereziki.

Gaua konturatu gabe iritsi zen. Liburu erdia baino gehiago ez nuen irakurria izango, afaria ekarri zutenean. Adrianek ez zuen ezer hartu nahi izan. Ez nintzen haren borondatea bestera makurtzeko gauza izan. Aitak ondo afaldu zuen, baina gutxi: zopa bat garbia, tortilla eta sagarra. Eskua eskaini zidan. Lo geratu zen, haren hatz hauskorrak nire hatzen artean geldi. Haur batenak ziruditen, hain ziren meheak. Irakurtzen segitzeko asmoa nuen, ohearen ondoko argi kaxkarraren mendean. Adrianek deitu zidan.

- Jauna, etorriko zara ondora?

Haren ohearen ondora hurbildu nintzen. Izerditan zegoen.

- Beldurtuta nago zeharo.

- Ez duzu zertan.

- Sentitzen dut hiltzen ariko banintz bezala.

- Ez horrelakorik esan, Adrian.

- Bai, hori sentitzen dut. Mesede bat egingo al didazu?

- Esan.

- Txikia nintzenean eta beldurra nuenean, amak ipuin bat kontatzen zidan. Esango al didazu ipuin bat?

Aulkia hartu eta Adrianen ohearen ondora eraman nuen. Eseri egin nintzen. Ulises dei-tzen zen gizonaren historia kontatu nion. Troia larrutu ondoren, etxera itzuli nahi zuen. Baina etxera hurbiltzen zenean eta ia begi bistan zuenean, zerbait gertatzen zi-tzaion atzera botatzen zuena, etxetik urrutiratuz. Baina gizonak ez zuen etsitzen, ez zen errenditzen. Aurre egiten zien bidaialdiko zoritxar eta oztopo guztiei eta etxe aldera abiatzen zen berriro.

- Uste al duzu etxera iritsiko dela?

- Jakina.

- Eta ba al du norbait han bere zain?

- Emaztea, seme bat, ahaideak eta etxeko zerbitzari eta morroiak.

- Orduan ahaleginak ekarriko du bere fruitua.

- Hala uste dut.

- Merezi du etxera iristea.

- Beti merezi du etxera iristea.

Esaldi hori esan nion, erabat jakin gabe zer esaten ari nintzaion, une hartako gogoetak bultzaturik, hala nola itsaso anker eta aldakorrak Ulises menturazalea.

Isilik geratu zen Adrian. Gero ohean jiratu zen, beste aldera, niri bizkarra emanez. Aulkia aitaren ohearen ondora eraman nuen berriro. Kosta egiten zitzaion arnasa ekartzea. Bekokia ukitu nion. Ez zuen sukarrik. Irakurtzen segitu nuen. Eleberriaren amaieraraino iritsi nintzen.

«-Zergatik hil duk? -galdetu zion nire ondoan eserita zegoen poliziak.

»-Berak eskatu zidalako.

»-Aditu al duk hori, Ben?

»-Oso mutil esanekoa diagu -esan zuen Benek, ahotsa haren bizkarraren gainetik altxatuz.

»-Hori al zen heuk heukan arrazoi bakarra? -galdetu zuen poliziak.

»-Zaldiak ere akatzen ditugu ba... -erantzun nion».

Lo geratu nintzen, ezin zehaztu dut zenbat denbora izan zen: minutu bat, ordu bat, segundo bat akaso. Kirioak airean esnatu nintzen. Aitari begiratu nion. Lasai an-tzean zegoen, lotan. Adrianengana hurbildu nintzen. Ez zen mugitzen. Haren aurpegia, oso zurbila bera, lasaitasunaren ispilu zen. Erizainei deitu nien. Etorri ziren eta korridorera bidali ninduten, espero izatekoa zen bezala. Goiza altxatzen ari zen, leihotik begira nengoen mendi izoztu eta txuriz jantzitakoen artetik. Ez zitzaidan iruditu ordea ikuskizun alai ederra, triste eta hotza baizik. «Edertasuna -pentsatu nuen neure kabutarako-, ez dago Naturan, baizik eta minaren eta herioren aurka egunero borrokatzen diren gizon-emakumeen baitan». Ahotsen zurrumurrua entzuten zen, pauso-hotsen zarata korridorean barrena, ez presazkoak ez izutuak, ohatila baten kirrinka. Kafetegira jaitsi nintzen gosaltzera. Nire irudimena elurraren irudian geratuta zegoen, preso. Une luze batez geratu nintzen han, kikararekin jolasean. Tea oso beroa zegoen eta pastak lehorrak oso. Igo nintzenean, ama zain nuen, eta aitak irribarrea erakusten zuen, tutuz josita egon arren. Gela hartan beste gizon bat zegoen ohean etzanda. Ez nuen ezagutu.

Ospitaletik irtendakoan, trena hartu eta Madrila joango nintzen. Erabakita zegoen.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos