http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zabalganeko gizarte etxe berria ezagutzeko ate irekien egunak antolatu ditu Gasteizko Udalak

SERGIO EGUÍA

Gasteizko Udalak ate irekien lau jardunaldi antolatu ditu hiritarrek Zabalganeko gizarte etxe berria barrutik ezagutzeko aukera izan dezaten. Irailaren 28an irekiko da ofizialki gizarte etxea, eta ate irekien lau eguneko epea zabalduko da askotariko jarduerekin.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Isabel Martinez Partaidetza eta Gizarte Etxeen zinegotziak aurkeztu dituzte ostegun honetan Zabalganeko gizarte etxe berria irekitzeko ekitaldiak. "Hiriko gizarte etxeen sarea ixten duen" gizarte etxea dela nabarmendu dute biek.

Urtaranen hitzetan, "gizarte etxeen sarea bere garaiari aurrea hartu zion hiri eredu baten bereizgarria da, eta eredu horrek oraindik indarrean jarraitzen du, pertsonak jarduera politikoaren erdigunean jartzen baititu". "Gure gizarte etxeak komunitate bizitzaren bihotza dira, 25 urtetik gora baitaramatzate hiri paisaian txertatuta, eta pertsonen garapen integralari lagundu baitiote", esan du.

Zabalganeko gizarte etxearen ohiko jarduerak urriaren 2an hasiko dira, baina irailaren 28an irekiko da ofizialki. Egun horretan bertan irekiko da ate irekien lau eguneko epea, eta jarduera ugari eskainiko dira gasteiztarrek, eta bereziki Zabalganeko auzokoek, ekipamendu berria ezagutzeko aukera izan dezaten.

Bestalde, Martinezek azpimarratu egin du Hirigintza, Udal Administrazio, Kultura eta Kirol zein Gizarte Politikako sailen arteko koordinazioa, Gizarte Politiken Zerbitzua buru zelarik, "zerbitzu guztietan ekipamendu ona eta jarduera programazio ona lortzeko". Orobat, auzoko talde eta elkarteen lankidetzak izan duen garrantzia nabarmendu du.

Partaidetza eta Gizarte Etxeen zinegotziak adierazi du ekipamendu sarea aitzindaria dela "hurbileko zerbitzuak eskaintzerakoan, pertsonek kultur eta kirol ohitura osasuntsuak gara ditzaten, aldi berean bizikidetza eta gizarte kohesioa sustatzen direlarik".

Beraz, ate irekien jarduerak irailaren 28an hasi eta urriaren 1ean amaituko dira. Bisita gidatuak egingo dira, gizarte etxeak dituen espazioak ezagutu ahal izateko. Zenbait jarduera eta lantegitan ere parte hartu ahalko da, urriaren 2tik aurrera gozatu daitezkeen jardueren atariko gisa.

Gizarte etxean bertan lor daiteke jardueretan parte hartzeko gonbiterako txartela. Jende orori zuzendutako jarduerak izango dira, eta familiei begira antolatutako jarduera ugariak nabarmentzen dira, auzoko biztanleriaren profila kontuan hartu baita horiek prestatzerakoan. Esate baterako, igerilekuan bainua hartu ahalko da, dantza aretoan dantzaren bat praktikatu, edo pintura eta eskulanen lantegietan parte hartu.

Jardunaldien ekitaldi nagusia irailaren 30ean izango da: ludoteka eta ludokluben sareak jai handia egingo du gizarte etxearen aurreko plazan. Azken jarduera ekitaldi aretoan egingo da, eta zenbait bakarlarik umore ukitua jarriko dute.

"Gizarte etxe berriak inguruan bizi diren ia 25.000 auzokoei emango die zerbitzu, baita gainerako herritarrei ere, eta udalaren beste sare batzuk barne hartzen dituzten gainerako etxeekin bat egingo du: gizarte zerbitzuak, aisialdia, liburutegiak, antzokiak, kirola eta herritarrentzako arreta. Beraz, Zabalgana auzoari zorionak eman besterik ez dugu", azaldu du Urtaranek.

Fotos

Vídeos