http://static.elcorreo.com/www/multimedia/201707/04/media/zabalik-logo-ec.jpg

Zabalganak Gasteizen konpainiako animalientzat egokitzen den lehen olgeta-eremua izango du, bizkortasun zirkuitua barne

SERGIO EGUÍA

Urtaranen gobernuak Zabalganean konpainiako animalientzako olgeta-eremua sortzea sustatu du, Gasteizen egokitzen den lehena. Ekimenak bi helburu ditu: batetik, txakurrentzako berariaz diseinatutako elkargune bat eskaintzea haien jabeei; bestetik, hiriko beste leku batzuetan txakur gutxiago ibiltzea. Proiektua ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ herritarren parte hartzerako programaren barruan sartuta dago, eta bat dator Zabalganean azpiegitura berdearen irizpideei jarraituz egiten ari diren beste jarduera batzuekin. Esate baterako, Elexalden natur ingurunean txertatuta sortuko den parkea.

Gorka Urtaran alkateak iragarri duenez, txakurrekin lotutako lan hori Viveros Eskalmendi enpresari esleitu zaio, 31.425 euroan (BEZa barne). Lanak irailaren bigarren hastean hasiko dira, gehien bat landaketak baitira. “Espazio publikoa elkarbizitzarako lekua da, eta herritar guztien artean partekatu behar da. Hori dela eta, uste dugu interesgarria dela Zabalganeko auzokoek maskotentzat berariaz diseinatutako lekua izatea”, azaldu du Gorka Urtaranek.

Orain erabiltzen ez den lursail batean jarriko da Zabalganeko txakurrentzako esparrua, Iruña-Veleia eta Salvador Dalí kaleen artean. Pieza trapezoidala da, 3.650 metro koadro inguru duena. Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinatutako proiektuaren arabera, animalientzako “harresi” gisa hiri baso bat sortuko da, eta erdian soilgune handia, maskotentzako jolasekin. Soilgunea 18 metroko diametroko zirkulu bat izango da, zuhaixka arantzadunek, laharrek eta zuhaitzek inguratua, animaliek ihes egin ez dezaten. Sartzeko hiru gune ere jarriko dira, eta jabeek lotuta eraman beharko dituzte haraino, udal araudiak agintzen duenari jarraituz.

Erdiko esparru horretan txakurrentzako aisialdi gune bat jartzea agindu du Udalak: tunel bat, igarobide bat eta jauzi egiteko hesi bat, bizkortasun zirkuitu baten antzera. Orobat, hiru zuhaitz landatuko dira, itzala eman dezaten, eta hiru eserleku jarriko dira horien azpian. Egoteko lekua iturri batez, hiru argi puntuz eta maskoten gorozkiak botatzeko paperontzi batez hornituko da.

Fotos

Vídeos