http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Kit xume bat

Alvian bidaiatzeko kit xume bat disenaitu dut nik

Kit batean sartu daitezkeen jantzi batzuk./B. Tarrega
Kit batean sartu daitezkeen jantzi batzuk. / B. Tarrega
TXANI RODRÍGUEZ

Orain dela hilabete bat, Madrilera neraman Alvia Urduñan gelditu zen tupustean. Merkantzia-tren bat gaizki aparkatuta omen zegoen eta ordubete eta erdia eman genuen leihotik begira, gogaituta. Urduña oso hiri polita bada ere (ez baduzue ezagutzen, joan zaitezte bisitan), geltokiaren nasak baino ez genituen ikusten. Luzea egin zitzaigun programatuta ez zegoen geldialdi hura. Hori dela eta, jakiteak aurreko astean lau ordu eman zituztela bartzelonarantz zihoazen bidaiari batzuek neke sentsazioa eragin zidan. Haiek ere Urduñatik gertu egon ziren geldituta, Inoson hain zuzen ere. Elurte baten erdian. Berogailurik gabe.

Burura etorri zait DGTak gomendatu zigun elurtei aurre egiteko 'kit'-a. Gomendatzen zizkiguten gauza guztiak maletategian sartzea ez da erronka txikia, baina zuhurragoak izan behar dugu, antza. Beraz, Alvian bidaiatzeko beste kit xume bat disenaitu dut nik. Ezinbestekoa izango da niretzat objetu hauek eramatea: su txiki bat janaria prestatzeko; goretex botak, kranpoiak, hartzak zaintzeko gida-liburu bat. Eta mugikorraren bateria agortuko zaigunez, denbora pasatzeko beste zenbait gauza gehitzea komenigarria izango litzateke: Salvat eta Auñamendi entziklopediak, Trivial Pursuit bat, gitarra bat. Gitarra jotzen ez badakizue ukulele bat ere erabilgarria izan daiteke. Ekipamendu horrekin, abenturaz gozatzeko prest egongo gara. Egun, edonor joan daiteke Amazoniara, Sahara desertura edo glaziarretarra. Baina nork esango luke Bilbotik Bartzelonara joateko orain Siberiatik pasatu behar dela? Hori sorpresa, berrikuntza ikusgarria!

2018 urtean, Urduñako tren geltokia toki metafisikoa bilakatu da: bere nasetatik, XIX. mendea ikus dezakegu, eta Gorobel mendikatearen magalean antzinako bidaiak bizitzeko aukera dugu.

Nire partez, erreklamazio bat jarri nion Adif enpresari nire bidaia atzeratu horretan elurrik izan ez zelako. Ea zer erantzuten didaten. Ezin da aurretik jakin zer egingo duten azpiegitura modernoen erantzule miresgarriek. Bitartean, 'Su txikian sukaldatzeko ehun errezetarik gozoenak' liburua irakurri dut, badazpada ere.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos