http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

WILD WILD COUNTRY

Adarraren puntan

Gezurra dirudien arren, 'Sannyasin-en' historia, guztiz egiazkoa da, nahiz, gidoilari baten irudimenetik sortua izatekotan, porruak behingoz uztea gomendatzeko modukoa izan

'Wild Wild Country' dokumentalaren irudi bat./
'Wild Wild Country' dokumentalaren irudi bat.
ROBERTO MOSO

The Beatles taldeak eta garaiko beste hainbat 'influencerrek' bultzaturik, 1960ko hamarkadan milaka gazte, mundu osoan zehar, India aldera hurbildu ziren 'meditazio transzendentalaren' eta antzeko liluren bila.

Perretxiko moduan sortutako guruen artean, bat, guztien gainetik, espiritualitatea eta negozioa uztartzen bihurtu zen aditu: Bhagwan Shree Rajneesh, gero mundu mailan Osho bezala ezaguna izango zena, 'Sannyasin-en' komunitatearen agintaria.

'Wild Wild Country' izeneko dokumentalean ekimen honen ibilbide sinestezinaren historia kontatzen zaigu.

Ia nahigabean saioa ikusten hasi nintzenean, 'mockumental' edo dokumental faltsu horietako bat izango zelakoan nengoen. Izan ere, Googlen sartu nintzen baieztapen bila. Gezurra dirudien arren, 'Sannyasin-en' historia, guztiz egiazkoa da, nahiz, gidoilari baten irudimenetik sortua izatekotan, porruak behingoz uztea gomendatzeko modukoa izan, bihotzez.

Talde erlijioso honen historia, sortu den beste edozein sektarena izango litzateke, 1972. urtean hartu zuten erabakiagatik izango ez balitz: Estatu Batuetan -Oregongo basamortu batean hain zuzen- euren nazioa eratzea.

Antelope herrixkan -50 biztanle inguru- hogei mila hektarea lur erosi ondoren, erlijio komunitate honetako kideak pixkanaka beren herrialdea eraikitzen joan ziren. Hilabete gutxiren buruan, laranjaz jantzitakoen nazioa kokatu zen han, eta, aurreikusteko modukoa zenez, bertokoen eta etorri berrien arteko iskanbilak segidan sortu ziren.

Historia hau kontatzerakoan, aparteko protagonismoa hartzen duen emakumea Ma Hanand Sheela da; Oshoren idazkaria eta neurri handi batean Rajneeshpuram hiriko proiektuaren sortzailea. Hamasei urterekin ezagutu zuen bere maisua Indian, eta egun batetik bestera, argi eta garbi izan zuen bere bizitzaren helburua haren ondoan izatea izango zela. Bien artean martxan jarri zuten «gizaki berriaren» egitasmoa, «alde espirituala eta materiala, bakoitza bere aldetik ibilia, betiko batzeko asmoz».

Baina erlijioa aldera utzita, Chapman eta Maclain Way-k sinatutako lan hau oso interesgarria da beste hainbat ikuspuntutatik. Azken finean 'nazio' berri horretan saiatu zena, beste mota bateko gizarte baten laborategi bat besterik ez zen: beste mota bateko sexu-harremanak, lan-banaketak, familiak, haurren hezkuntza, beste mota bateko bizimodua azkenean. Beren inguruan sortutako 'antigorputzak' indarra hartzen zihoazen heinean, gizarte 'utopiko' honek, beste edozein nazioren erako erabakiak hartu behar zituen: armada bat sortzea, auzitegietan lehiatzea eta politikan aritzea, estatuko hauteskundeetan parte hartuz. Beren aldeko bozkatzaileen kopurua handitzeko, Sannyasin-en buruzagiek erabakirik zoroena hartuko zuten: hainbat hiritara joan eta 'homeless' guztiei toki bat beren 'nazioan' eskaintzea.

Bada, komunitate horrek egin nahi zuena, azken buruan, Amerikako lehenengo kolonoek egin zutenaren ildotik zihoan: zurea ez den lurralde berri batera heldu, bertokoak baztertu eta beste mota bateko fedeak dituen gizarte bat sortu. Hori dela eta, Rajneeshpuram nazioa eraikitzean, Estatu Batuetako legeriaz baliatu ziren, hiri berri bat sortu ahal izateko edo arma pila bat erosteko..., baina hauek ez zuten apatxeen kontra borrokatzen hain zuzen. Aho bete hortz geratzeko moduko dokumentala, benetan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos