http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Vital Araban Zehar programak musika eramango du asteburuan lurraldeko zortzi herritara

SERGIO EGUÍA

Vital Araban Zehar programa Arabako zortzi herritara iritsiko da asteburu honetan, bederatzi kultura jardueraren eskutik. Legutio, Samaniego, Aramaio, Pagoeta, Faidu, Arrieta, Bernedo eta Bastida zenbait musika talde eta abesbatzaren emanaldien agertoki izango dira, Vital Fundazioaren ekimenari esker.

Vital Fundazioak jakinarazi duenez, programa joan den maiatzean hasi zuen 13. edizioa, "arabar guztien eskura jartzen den kultur eskaintza anitzarekin". Irailera arte iraungo du eta, orotara, 80tik gora emanaldi izango dira, musika, abesbatzak, dantza eta balleta tartean. Jardueren bitartez, lurraldeko 61 udalerriko eta Trebiñuko Konderriko beste hiru herriko udako kultur programazioa osatzea du helburu izan du Vital Fundazioak.

Asteburu honetan musika izango da berriro kultur egitarauaren protagonista. Jarduera ostegunean hasi zen, Legutioko kultur etxean, Manuel Iradier Abesbatzaren emanaldiarekin. Ostiral honetan, irailaren 8an, 19:00etan, La Jukevox taldearen kontzertua izango da Samaniegoko bolalekuan, eta ordu erdi geroago, Twin Room taldeak Aramaioko Sastiña plazan joko du.

Larunbatean, irailaren 9an, Amurrio Whistles & Co talde Bernedoko plazan izango da, 13:00etan, eta geroago, 17:30ean, Lobo & Carmine bikoteak country emanaldia eskainiko du Faiduko gizarte etxean. Halaber, 19:00etan, Pagoetako elizan, Manuel Iradier Abesbatza izango da, eta eta ordubete geroago, Arrietako gizarte etxean, La Jukevox taldearen kontzertua izango da.

Azkenik, igandean, irailaren 10ean, 13:00etan, Bleibet Abesbatzak emanaldia eskainiko du Bastidako kultur aretoan. Bukatzeko, Big Band Berri taldea Legutioko plazan izango da astelehenean, irailaren 11n, 20:00etan.

Fotos

Vídeos