http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

VGBiziz bizikleta-aparkaleku seguruen sarea abian da

300dik gora plaza berri, hiri osoko kaleetan dauden bizikletentzako aparkalekuei gehituko zaizkienak

SERGIO EGUÍA

Martxan da jada bizikleta-aparkaleku seguruen sarea. Iazko urrian inauguratu zen autobus-geltokiko moduluari bizikletak segurtasun osoz eta moduko prezioan lotzeko beste lau gehitu zaizkio dagoeneko. Leku hauetan daude aparkaleku estaliak: Postetxearen atzealdea (Adatseko Andre Mariaren kalea), Olagibel kalea (Santiago ospitalea), Arabako unibertsitate-campusa eta Mendizorrotza, eta 300 plaza eskaintzen dituzte guztira, 50 modulu bakoitzeko eta 110 autobus geltokian. Zerbitzua 'Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz' partaidetza-prozesuaren emaitza da, eta Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren eta Bizikletaren Gida Plana aintzat hartuta eratu da, eta, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak esan duenaren ildotik, sortu da asmo batekin, hots, «kalean bizikletak aparkatzeko dauden leku libreen eskaintza osatzekoa, bizikletak seguru eta babesean gordetzeko moduko instalazioetan».

Zerbitzua baliatzeko, abonamendua kontratatu behar da webgunean eta sakelako telefonoentzako PVerde aplikazioan. Tarifa desberdinak daude, betiere Udalaren prezio publikoekin bat etorrita: MAX1 tarifa: eguneko 1 € balio du, eta bizikleta 24 orduz gordetzeko balio du (bizikleta mugitu gabe egun gehiago utziz gero, eguneko euro bat kobratuko da). MAX3 tarifa: hilabeterako balio du, eta gehienez ere 3 egunez eduki daiteke bizikleta mugitu gabe (bizikleta lanegunetan erabiltzen dutenentzako diseinatutako prezioa). MAX6 tarifa: hilabeterako balio du, eta gehienez ere 6 egunez eduki daiteke bizikleta mugitu gabe. Erabiltzaileek edozein aparkalekutan baliatu dezakete abonamendua.

Aparkalekuak modulu estalitan daude. Sarbideak 80 zentimetro zabal dira, eta ate automatikoa edukiko dute, segurtasun-sistemaz, sarbide-kontrol adimentsuaz eta bideo-grabazioaz hornituta. Moduluek neurri hauek dituzte: 9 metro luze, 5,5 metro zabal, eta 50 bizikletarentzako edukiera. Erdian maniobrak egiteko kalexka dago, eta albo bietan bizikletak lotzeko kakoak paratuko dira. moduluak erraz desmuntatu daitezkeenez gero, aukera ematen dute aurrerantzean beste nonbaiten paratzeko. Proiektuaren inbertsioa 140.000 eurokoa izan da. Udalak, gainera, 72.000 euroko diru-laguntza lortu du EVEren aldetik.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos