http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Valderejoko parke naturalean "XV. oinezko ibilaldia" egingo da larunbatean

Bi ibilaldiak 09:00etan abiatuko dira Lalastrako parketxetik, eta anoa postuak eta parkeko behatokietako batetik saiak ikusteko gunea egongo dira

I.AGOTE

Datorren larunbatean, urriak 28, Valderejoko eta Obarenes mendietako parke naturaletako oinezko ibilaldia egingo da, hamabosgarrenez. Urtero bezala, bi ibilbide egongo dira, zeinek zailtasun eta iraupen desberdina izango baitute. Biak abiatuko dira 09:00etan Lalastrako parketxetik, baina dortsalak hamabost minutu lehenago emango dira.

Ibilbide laburra 18,9 kilometro luze izango da eta 643 metroko desnibel metatua izango du, eta lau bat ordu beharko dira helmugara iristeko. Luzeak, bestalde, 30,8 kilometroko ibilbidea eta 1.107 metroko desnibela izango ditu, eta zazpi ordu inguru beharko dira hura osatzeko.

Aldundiak bi anoa postu jartzea aurreikusi du ibilaldian parte hartuko dutenentzat, eta 300 laguneko muga jarri du.

Saien behaketa

Ibilaldi horren helburu nagusia da ingurune horretako natura balioen berri zabaltzea, kirolaren bitartez. Parte hartzaile bakoitzari ekitaldi honetarako berariaz prestatutako dibulgazio liburuxka bat emango zaio, non Valderejoko natura ondareari buruzko azalpen laburra jasoko baita. Gainera, programatu diren geldialdietako bat saien behaketarako gune batean egingo da, eta han, teleskopioen eta material espezializatuaren laguntzarekin, parte hartzaileek aukera izango dute gertutik ezagutzeko hegazti harrapari hori, hain zuzen parkeko ikurra dena.

Halaber, parke naturalaren 25. urteurrena ospatzeko, ekitaldi honetan, parte hartzaile guztiek oparitxo bat jasoko dute, eta alboko Obarenes mendietako parke naturalean bizikleta elektrikoak alokatzeko 8 sortaren zozketan sartuko dira.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos