http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Urtean behin

Besteei begira derrigorrez pozik agertu beharrak tristura eragiten du maiz, eta neurri gabe jarduteak egunero estaltzen saiatutakoak azalera itzularazten ditu

Mahaia prest Gabon gaua behar bezala ospatzeko./Fotolia
Mahaia prest Gabon gaua behar bezala ospatzeko. / Fotolia
JOSEBA ARRUTI

Joan dira Gabon gaua, eta Natibitatea. Atzean utzitakoan, askok lasai hartuko zuten arnasa. Izan ere, badute aparteko arriskurik, bai sentiberatasuna zorrozten delako zein gehiegi jan-edatearen ondorioz mahai inguruan eseritakoen arteko haserreak-eta ohikoagoak direlako. Besteei begira derrigorrez pozik agertu beharrak tristura eragiten du maiz, eta neurri gabe jarduteak egunero estaltzen saiatutakoak azalera itzularazten ditu.

Jaiokin ia ez dago erdibidekorik, maite ala gorrotatzen dira, bakoitzaren egoeraren arabera. Hutsuneak handiak direnean ez dago zauri hori itxiko duen denborarik, Gabonek gogora ekartzen duten lez. Daudenei egote hori ospatzea dagokie, joandakoen oroitzapenari aldi berean sendo eutsita. Baina oreka lortzea zaila da beti, batik bat mingarri direnek norbera estu hartzen dutenean. Gainditu beharreko langa modukoak bihurtzen zaizkie egunok askori, aspaldi bateko poztasunaren itzal besterik ez.

Bizitzaren zikloak zuzen eragiten du honelakoetan, ez daudenei begirako malenkoniak gordin astintzerakoan. Eszenografia bera umetan-eta gozatzekoa da, ezagutu den familia osotasunean dagoenean. Aurrera egiteak xalotasuna galtzea dakar, eta gaixo egoteko zein galerak pilatzen hasteko arriskua. Hor gazitzen dira Gabonak, hor bihurtzen dira izandakoaren hondar.

Gogotsu ekiten dietenen artean ere, ez da arazorik falta han-hemenka. Gertuko senide direnetako asko ezezagun ere badirelako behin baino gehiagotan, edo bateraezin. Etxe bereko izateak ez duelako ondo konpontzerik bermatzen, ez duelako afari-bazkaritarako harmoniarik oparitzen. Ondare kontuak edo politika zein bestelako zenbatnahi direla, gorrotorainoko haserrearen hazia zeharo emankorra izan ohi da honelakoetan.

Bada, baina, Gabonei bestelako espirituz aurre egiteko modurik, aukerarik. Norberarekin zein besteekin eskuzabal jokatzekorik, oroitzapen mingarrien zamak harrapatuta ez geratzekorik. Egunoi dagokien mezurik jasoenean galdera nagusiei erantzunak bilatzekorik, aurrera begiratuta amore ez emateko arrazoiren bat aurkitzerik. Ospakizunok, aldi berean, samingarri eta pozgarri direlako, eta dualtasun horretatik ekin behar zaielako.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos