http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

140 urte

Kontzertu Ekonomikoak 140 urte bete berri ditu, osasun eta babes beteko. Euskal gizartean bere inguruan dagoen guztien adostasuna jarri du agerian Ciudadanos-ek auzitan jarri izanak, Estatuarekiko harremanean guztiz funtsezkoa dela

140 urte
Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Kontzertuaren sorrerakoak gogoraraztea inoiz baino beharrezkoagoa da sasoion, bere garrantziaz oso-osorik ohartu eta kolokan jartzeak ekar litzakeen ondorioez zehatz jabetzeko. 1878ko otsailaren 28an du jatorria, azken gerra karlisten ostean. Ordura arte euskal lurraldeetako aldundiei zegokien zergak biltzea. Baina Estatua baliabide gehiagoren beharrean zegoen XIX. mendeko bata bestearen segidako gatazka armatuen eraginez, eta jasotakoaren zati bat eskatu zien. Alfonso XII.ak orduko presidente Antonio Cánovas del Castillok helarazitako Errege Dekretua sinatu zuen horretarako, euskal foruen ondoriozko ‘egoera berezitua’ amaitu eta ‘batasun konstituzionalaren’ baitako sistema berri bat ezartzeko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoak Estatuarekin zituzten harreman zergazko eta finantzarioak horren bidez arautuko ziren aurrerantzean; ez lehen hirurek hala eskatuta, beste aldeak bere kabuz erabakita baizik.

Duela 140 urte abiarazitako horri jarraiki, zergak berton bildu eta gero adostutako zenbateko bat ematen zaio Madrili, Kupoari dagokiona. Azken hau EAEko lurraldeek Estatu mailako Barne Produktu Gordinaren baitan duten pisuaren arabera kalkulatzen da, eta %6,24an dago finkatuta. Dirutza horrekin egiten den ekarpena Defentsarako, Kanpo Harremanetarako edo Koroaren gastuei aurre egiten laguntzeko da, besteak beste. Hau da, bertoko erakundeen esku ez dauden arloetan euskal herritarrei dagokiena jartzeko. Kontzertuak gorabehera historiko dezente izan ditu, eta frankismoak Bizkai eta Gipuzkoari kendu ere egin zien, diktadurarentzat ‘probintzia traidore’ zirelako. Dena den, 1981ean berrezarri zen eta, geroztik, hiru lurraldeetan dago indarrean berriro. Nafarroak, aldiz, bere bidea egin du, Komenio Ekonomikoaren bitartez.

Kontzertuak gaur egun dituen ezaugarrien artean badira argi izan beharreko batzuk. Hitzartua da batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Estatuko ordezkarien parez pareko negoziazio batzordeetan adostutakoa; eta historia luzekoa, bere egunotako urtemugak adierazten duen legez. Horrez gain, 1978ko Konstituzioaren barrukoa da, bere Lehen Xedapen Gehigarrian foru lurraldeen eskubide historikoak babestu eta errespetatzen direla adierazten denez gero. Kontzertua horien baitakoa da, bete-betean. Eta askoz gehiago ere bada.

Ciudadanos-ek elkartasunaren aurkakotzat jo du behin eta berriro sistema berezitu hau, horrek Hego Euskal Herritik kanpo etekinen bat emango diolakoan. Baina Kontzertua bermea da partekatu beharreko gastuei euskal lurraldeek euren aberastasun mailaren araberako ekarpena egiteko. Hala, Lurralde arteko Konpentsazio Funtsa finantzatzen laguntzen du, eta horixe da lurraldeen arteko desorekak murrizteko eta elkartasun printzipioari eusteko Konstituzioan zehaztutako tresna. Horrez gain, ardurazko erreximena da Kontzertua, alde bakarreko arriskukoa. Izan ere, bere finantzen egoera edozein delarik egin behar die ekarpena gastu partekatuei Euskal Autonomia Erkidegoak eta horrek, kudeaketari dagokionean, jokabide bereziki arduratsua izatera behartzen du. Ezin du diru eske kanpora jo, beste autonomia erkidegoek itota daudenero egiten duten moduan. Bere kabuz moldatu behar du, onean zein txarrean.

Kontzertua euskal autogobernuaren oinarrietakoa da gaur egun, horri zentzua emateko ezinbestekotzat jo daitezkeenen artekoa. Eta berori ahalbidetzen duen alde biko harremanak euskal autogobernuaren eguneratzerako inspirazio iturri gisa ere balio dezake, eskubide historikoak Kontzertua baino gehiago direlako. Horretarako, jakina, borondate politikoa behar da, euskal lurraldeak Estatu proiektu integratzaile eta deszentralizatu batean txertatzeko gogoa. Oraingoz, ordea, joera aurkakoa da, emandakoetakoak zuzen ala zeharka berreskuratzen saiatzekoa, Estatutua bera sekula ez betetzekoa. Bide horretatik nekez lortuko da ezer, tentsioak areagotzea ez bada, lurralde egituraren gabezietan txarrera egitea.

Ondo babestu behar da Kontzertuaren inguruan euskal talde politikoen artean dagoen adostasuna. Indargune delako berori auzitan jartzeko ahaleginei eraginkortasunez aurre egiteko. Demagogikoa da erabat Ciudadanos-en jarrera, epe laburreko etekinei begirakoa, eta horrek adierazten du zein den Albert Riveraren eta bere ingurukoen politika ulertzeko modua. Maila askotako pedagogia beharko da hori agerian uzteko, uniformazioa berez ez delako elkartasunaren pareko, eta egungo sistemak azken hori eta euskal berezitasunak bateragarri egiteko balio duelako.

Suarekin jolasean dabilenak erretzeko arriskua hartzen du. Eta Kontzerturik gabe egungo joko arauak hautsiko lirateke, horrek lekarkeenarekin. Euskal ordezkari politiko nagusiek adierazia dute jada zein bidetatik jo nahi duten aurrera begira, adostasun zabalenetatik, egungo lege esparruak eskain ditzakeen aukera guztiak aztertzearenetik. Negoziaziorako eta elkar ulertzeko saiakerarako deia da hori, ez alde bakarretik ezer haustekoa. Horrela jaso behar luke beste aldeak, Rajoyren gobernuak kasuon, dagoeneko ezaugarri duen gelditasun politikoa bazter utzi eta sakoneko auziari heltzeko. Nahi izanez gero, egon badagoelako topagunerako tresnarik, Kontzertuaren beraren eredua aintzat hartuta. Berau sendo babestuta, Gernikako Estatutua beteta eta etorkizunerako aukera berriak jorratuta helduko da, heltzekotan, zenbait belaunaldirentzako akordio berriren bat.

Uniformizazio saiakeretatik ez dago ezer adosterik, euskal herritarrek euren izaera berezituari, historian oso luzaroko ibilbidea izan duen horri, eutsi gura diotelako. Estatuaren egituran parte hartzeko modu jakin batetik baino ez delako posible izango elkar ulertzea, autogobernu ahalik eta maila handiena bermatzen duen horretatik, berezko nortasuna eta gainerako euskal lurraldeekiko lankidetza estua ahalbidetzen dituenetik. Hala, Kontzertua tresna politiko eta ekonomiko ezin baliagarriagoa da 140 urte eta gero, baina baita sinboloa ere. Elkarren arteko aitortzatik lor daitekeen guztiarena.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos