http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zurekin

Milioi bat eurotik gorako laguntza, enpresetan kontratazioak egin ditzaten

Urtaranen Gobernuaren laguntza programa horri esker, gutxienez 175 lanpostu sortu ahalko dira, urte erdiko iraupenaz gutxienez

I.AGOTE

Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteizko enpresetan lan-kontratazioa sustatzeko diru-laguntzetarako deialdi publikoa onetsi du. Laguntza ekonomikoen ildo horrek 1.050.000 euroko zuzkidura du, gehien bat Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak jarritakoa, enplegua sustatzeko tokiko ekintzak finantzatzeko ildoaren barruan. Programa horri esker, gutxienez 175 lanpostu sortzen lagundu ahalko dira, laneratzeko zailtasunik handienak dituzten langabeentzat.

Hori dela eta, enpresek aurkezten dituzten eskabideak balioestean alderdi hauek aintzat hartuko dira bereziki: kontratatutako pertsonak 55 urtetik gorakoak izatea, edo 45 eta 54 urte bitartekoak. Orobat izango dute lehentasuna luzaroan langabezian daudenak, diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak, eta lehen enplegua lortzen duten gazteak kontratatzen dituztenek. Emakumeei eta dibertsitate funtzionala duten pertsonei egindako kontratuek ere puntu gehiago jasoko dituzte. Kontratatutako pertsonen ezaugarriez gain, kontratatuak lanaldi osokoak eta mugagabeak izatea balioetsiko da.

«Eusko Jaurlaritzak bultzatutako kontrataziorako laguntza hauek oso tresna baliotsua dira enplegu egonkorra eta kalitatekoa sortzeko gure ildo estrategikoaren barruan. Lan-merkatuaren eboluzioa positiboa da Gasteizen, duela bi urte baino 3.160 langabe gutxiago zenbatu baitira, eta hori posible izan da gure enpresen sareak indarra berreskuratu duelako eta enplegua sortzen inplikatutako erakunde guztiek elkarrekin lan egin dutelako, gaur onetsi dugun ekintzarekin eta antzeko beste batzuekin», nabarmendu du Nerea Melgosa zinegotziak.

Enpresa bakoitzak bi laguntza jaso ahalko du gehienez (hiru gizarteratze-enpresa bada), eta diru-laguntza jasotzen duten kontratuak gutxienez sei hilabeterako izango dira. Era berean, diru-laguntzaren iraupena gehienez sei hilabetekoa izango da, kontratu bakoitzeko, eta horren gehieneko zenbatekoa, 6.000 euro, sei hilabeteko edo hortik gorako lanaldi osoko lan-kontratu bakoitzeko; kontratatutako pertsona laneratzeko zailtasun handienak dituzten taldeetako batean bada, 9.000 euroko laguntza emango da. Laguntza ekonomikoa ezingo da izan soldata-kostuen % 75etik gorakoa, kontratu-amaierako kalte-ordainak eta Gizarte Segurantzako gastuak barne.

Diru-laguntza jaso dezaketen kontratuek 2017ko ekainaren 28tik aurrera sinatutakoak izan beharko dute, eta beranduenez aurtengo abenduaren 31n. Laguntza deialdia ALHAOn argitaratzen denean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2018ko urtarrilaren 15ean amaituko.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos