http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Urtaranen gobernuak 384 ‘led’ luminaria berri jartzeko kontratua esleitu du, urtean 35.000 euro aurreztu ahal izateko

SERGIO EGUÍA

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek iragarri duenez, Udalak Forondako atean, Legutianoko atean eta Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalean argiteria publikoa hobetzeko kontratua esleitu dio Ekoargi Instalaciones Eléctricas enpresari. Orobat, Tokiko Gobernu Batzarrak lau telekudeaketa-sistema ezartzea onetsi du, instalazio elektrikoen parametroak ordenagailu batetik monitorizatu eta gidatu ahal izateko. “Ekimen horiek Gasteiz hiri moderno eta adimentsua, XXI. mendeko hiria bihurtzen lagunduko dute”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak. Lanen kostua 164.329,58 eurokoa izango da, enpresak aurrekontuaren prezioaren inguruko %10,25eko beherapena eskaini ostean.

Azken hilabeteotan egindakoaren ildo beretik, Urtaranen gobernuak ‘led’ teknologia duten luminariak instalatzeko lanetarako bost hilabeteko epea izango da. Elementu horiek ohiko lanparak baino eraginkorragoak dira eta energia-kontsumoa gutxitzen laguntzen dute, bai eta kaleetan argitasun handiagoa eta uniformeagoa lortzen ere. Gainera, itsutzea eta argi-kutsadura ekiditen dituzte, eta mantentzeko kostua txikiagoa da.

Zehazki, 384 luminaria moderno jarriko dira Forondako atean, Legutianoko atean eta Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalean (Domingo Beltran de Otazu kaletik Mexiko kaleraino); horri esker, Udalak ia 36.000 euro aurreztuko ditu urtean energiaren fakturan, lehengo lanparek sortutako gastuaren aldean. Alkateak gogorarazi duenez, “azken urteetan hiriko 38.500 luminarietako 4.500 aldatu dira“. Estrategia horri jarraitzeko konpromisoa kontuan hartuz, Urtaranen gobernuak aurtengo udal aurrekontuan 425.000 euro jarri ditu argiteria publikoa hobetzeko; aurreko ekitaldian, berriz, 250.000 euro izan ziren. Kontsumoari dagokionez, azken urteetan azpiegituretan egindako berrikuntzek aurrezteko bide eman dute. 2015ean Udalak 3,8 milioi euro ordaindu zituen energiarengatik; 2016an, 3,6 milioira gutxitu zen gastua. 2013an, aldiz, 4,3 milioi ordaintzen zen. “Azkenaldian, gainera, 537 ‘led’ argi berri jartzeko 240.000 euro inbertitzea onetsi dugu ere: Zadorra hiribidea, Gamarrako atea, Santo Tomasen Ubideko kalea, Kantabrikoaren hiribidea, Arriagako atea, Mexiko kalea, Jose Atxotegi kalea, Lasarteko atea, Salbaterrabide eta Done Jakue hiribidea”, ekarri du gogora Gorka Urtaranek.

Bestetik, Udalak erosten dituen lau telekudeaketa-sistemen bidez instalazio elektrikoak urrutitik kontrolatu eta gidatu ahalko dira. Proiektuak barne hartzen duen eremuan dauden aginte-guneetan instalatuko dira, eta kontrol-zentro batera konektatuko; bertan denbora errealean jasoko da informazioa (neurketak, gailuen egoera, alertak, kontsumoak). Sistemak ekipoak monitorizatu eta kontrolatzeko balio du, bai eta sistemak programatzeko ere. Orain arte Erdi Aroko hirigunean baino ez zegoen horrelakorik. Gainera, instalazio elektrikoaren ikuspegi osoa eduki ahalko da, eta udal teknikariek eguneroko lanerako oso baliotsuak diren grafiko eta estatistikak lortuko dituzte. Gorabeherei buruzko alertak ere hobetuko dira eta, beraz, argiteria publikoaren sarean gerta daitezkeen arazoen konponketa. Argiztapen ordutegiak eta erregulazio-mailak kudeatzeko aukera emango dute, halaber, eta potentzia eta kontsumoak berraztertzeko.

Fotos

Vídeos