http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Urtaranen gobernuak industrialdeak biziberritzeko egingo diren esku-hartzeak azaldu ditu

Goi-mailako Diseinu Eskolarekin elkarlanean dihardu Udalak, Santo Domingo kaleko fatxadak biziberritzeko

SERGIO EGUÍA

Enplegu eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak xehatu egin ditu berriki Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi duen Industria planak industrialdeak biziberritzeko aurreikusten dituen esku-hartzeko neurriak.

Dagoeneko, hiru obra daude kontratazio-prozesuan: Bitorialanda eta Bitoriabidea kaleak eraberritzekoak, eta Larragana kaleko erdibatzailea sendotzekoa. Lan horiek milioi erdi euroko gastua gainditzen dute.

Industria Mahaian eta Industria Postontzian jasotako eskarien arabera osatu den lehentasunen arabera, hurrengo urratsa industrialde guztietan seinaleztapen horizontalak berriro margotzea izango da, eta lan horien aurrekontua 300.000 euro jo dezakeela ustea da.

Esku-hartzen lehentasunen arabera, Jundiz, Arkatxa eta Zorrolleta kaleen eraberritzea etorriko da jarraian, zeinetan funtsean zoladura sendotzea aurreikusten den.

Bestalde, Gasteizko Goi-mailako Diseinu Eskolarekin batera lanean ari da Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saila, Santo Domingo kaleko fatxadak biziberritzeko proiektua martxan jartzeko. Hartara, hainbat arte-diziplina konbinatu nahi dira, zona horretan dauden lokalen fatxaden estetika hobetzeko ekimenaren barruan.

Orain artekoan, kale horretan dauden lokalen egoera aztertu da, eta, bidenabar, esku hartzeko zein formula balia litezkeen. Hartara, kanpoko fatxada eraberritu litekeen lokalen inbentarioa egin da. Hemendik aurrera, lokalen jabeekin harremanetan jartzeko ahaleginak egingo dira, proiektuan inplika daitezen. Aldi berean, kasu bakoitzean, arte-diziplina desberdinen bitartez, zein jarduera bidera daitezkeen lantzen saiatuko da Goi-mailako Diseinu Eskola.

“Bi helburu biltzen dira batean: batetik, Goi-mailako Diseinu Eskolako ikasleen talentu handia kalera ateratzea, eta bestetik, berriz, nabarmen hobetzea hondatuta dagoen espazio hori, pertsona-fluxua areagotuz eta zona hori ahaldunduz”, azaldu du Nerea Melgosa zinegotziak.

Melgosaren hitzetan, beste zenbait proiekturen ildotik dator oraingo hau, hala nola artearen bitartez merkataritza biziberritzeko berriki bideratu den MerkatuArte proiektua.

Fotos

Vídeos