http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Urtaranen gobernuak Bitorialanda eta Bitoriabidea kaleetatik abiaraziko ditu industrialdeak biziberritzeko obrak

SERGIO EGUÍA

Tokiko Gobernu Batzarrak Bitorialanda eta Bitoriabidea kaleak eraberritzeko kontratazio dosierrak onetsi ditu, hots, Ehari-Gobeuko industrialdea egituratzen duten bi kaleak. Bi jarduerek batuta milioi erdi eurotik gorako aurrekontua dute, eta horien bidez martxan jarriko dira industrialdeak biziberritzeko obrak, zeinen finantzaketa joan den uztailean onetsi baitzen GILSA sozietatearen Kontseiluan. Lanak gauzatzeko hilabeteko epea aurreikusi da, eta orotara 15.521 metro koadroko azalera baten itxura aldatuko da.

Industrialdeak biziberritzeko lehen lan horiek enpresek berek egindako eskabideei erantzun nahi diete, zeinak Industria Mahaian eta industrialdeen berariazko eskabideak bideratzeko sortu zen Industria Postontzian azaldu baitira. Eskabideak jaso ondoren, zona ezberdinetan esku hartzeko zeuden beharrak aztertu eta lehenetsi dira, eta erabaki da Bitorialanda eta Bitoriabideari 1. mailako lehentasuna ematea.

“Horrelako inbertsioak funtsezkoak dira industriarentzat, Gasteiz hiriaren eboluzioan eta etorkizunean sektore gakoa baita. Industrialdeak biziberritu eta erakargarriagoak bihurtzeaz gain, jarduera gehiago etor dadin, Ehari-Gobeuren kasuan urte askotan hobekuntzarik izan ez duen industrialde batean esku hartuko dugu”, azpimarratu du Gorka Urtaran alkateak.

Lanei esker, bi kale horien zoladura berrituko da, oso hondatuta zegoelarik zati batzuk arriskugarriak baitziren ibilgailuen trafikorako. Bitorialandan 2.068 tona asfalto berrituko dira gutxi gorabehera, 258.348 euroko aurrekontuaz. Bitoriabidean 1.984 tona asfalto berritu behar direla kalkulatu da, eta aurrekontua 247.689 euro da. Oraingo zoladura kendu, asfaltozko aglomeratua bota eta seinaleztapen horizontala berriro margotzeaz gain, egoera txarrean dauden zintarriak eta pasaguneak konponduko dira.

Aipatzekoa da bi obra-kontratu horiek klausula sozialak aplikatuz egingo direla, alegia, enpresek gizarteratze eta laneratzearen alorreko eta/edo ingurumen alorreko baldintza bereziak betetzeko konpromisoa hartu beharko dute.

Ehari-Gobeuko industrialdean 300 enpresa inguru daude; Mercedes-Benz-en lantegiaren ondoan askotariko lantegi txikiak daude Alibarra eta Bitorialanda kaleen arteko etxadietan.

Bestetik, Urtaranen gobernuak hiru ekimen onetsi ditu pertsona tituludunen enplegagarritasuna sustatzeko eta esperientziarik ez duten gazteak lan-munduan txertatzeko. Zehazki, “Empleo-Araba 2017-18” eta “Hazia 23” programak garatzeko hitzarmenak onetsi ditu, baita “Genera 30” programa martxan jartzeko behar den finantzaketa ere.

Azkenari dagokionez, Tokiko Gobernu Batzarrak 2018ko ekitaldirako 338.800 euroko konpromiso-kreditu bat sortzea onetsi du, gazteak lan-munduan txertatzeko proiektu berria, “Genera 30” izenekoa, abiarazteko. Ekimen horren bitartez, langabezian dauden 30 urtetik beherako 75 gazte lan-merkatuan sartu nahi dira, ikasketarik eta lan esperientziarik ez duten eta oinarrizko prestakuntzan gabeziak dituzten emakumeei lehentasuna emanez. Horretarako ibilbide osoa diseinatu da, diagnostiko pertsonalarekin hasten dena, eta orientazio, prestakuntza eta praktika profesionalak barne hartzen dituena. “Genera 30” programak Europar Batasunaren 325.000 euroko diru-laguntza du (aurrekontu osoaren % 92).

Bestetik, ADSIS fundazioa,Vital fundazioa, Egibide eta Gasteizko Elizbarruko Cáritas barne hartzen dituen lankidetza-hitzarmena onetsi da, kualifikaziorik gabeko gazteei laneratzeko prestakuntza eta lehen lan-esperientzia eskaintzeko “Haziak 23” programa garatzeko. Iaz jarri zen martxan lehen aldiz programa, eta horrek aukera ematen du parte hartzen duten entitateek aurrera daramatzaten gazte-enplegurako politika aktibo guztiak koordinatzeko, xede duen taldearen benetako beharrei erantzun hurbilagoa eskaintzearren. Bigarren edizioan, “Hazia 23” programak 10.000 euro gehiago izango ditu aurrekontuan, hots, 80.000 eurotik 90.000 eurora handituko da; Vital fundazioak 40.000 euro jarriko ditu, eta Udalak, gainerakoa. Abiatu ondorengo lehenengo seihilekoan, “Hazia 23” programak 23 urtetik beherako 24 gazteri eman zien prestakuntza eta enplegua.

Azkenik, “EmpleoAraba 2017-2018” programarekin lotutako hitzarmena onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak. Horren bidez, Gasteizko Udalak bat egiten du Vital fundazioaren eta SEA Arabako Enpresarien elkartearen ekimenarekin, lan-merkatuaren oraingo eskaerei erantzuten dien prestakuntza programa bateratua garatzeko. Lankidetza horri esker, SEAk jasotzen dituen enplegu eskaeren artetik hautatutako ia 400 pertsonarekin lan egin ahalko da; pertsona horiei zail gertatzen zaie tokiko enpresek dituzten enplegu beharrak asetzea, ez dutelako prestakuntza egokirik, edo enpresek eskatzen duten esperientzia profesionala. Udalak 72.400 euro jarriko ditu ekimen hori garatzen laguntzeko.

Fotos

Vídeos