http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Urritik abendura arteko liburutegi-programak irakurtzeko zaletasuna sustatzeko 74 jarduera barne hartzen ditu

SERGIO EGUÍA

2017ko urrian, azaroan eta abenduan garatuko da programa, gizarte etxeetako liburutegietan, eta haur, familia, gazte eta helduentzako jarduerak biltzen ditu.

Batetik haur eta familientzako jarduerak ditugu, euskaraz eta gaztelaniaz (ipuin-kontalariak, lantegiak, antzerkia, pailazoak, txotxongiloak, musika); bestetik, gazte eta helduentzako jarduerak.

Umeekin eta familiekin batera hainbat alderdi landuko dira: adiskidetasuna, dibertsitatea, desberdinarekiko sentiberatasuna, tolerantzia, artea, jolasa, musika, zientzia, poesia, genero berdintasuna, jakin-mina eta irudimena.

Besteak beste, Gloria Fuertesen mendeurrenarekin lotutako bi jarduera antolatu dira, eta ipuinen kontaketa, hauen eskutik: Rocío Bonilla, Badut Taldea, Matiz-Educación en Valores, Kultur Gasteiz eta Pilar Alonso.

Gazte eta helduentzako jardueren artean idazleekiko topaketak izango ditugu, irakurketa-klubak, hitzaldiak, lantegiak, antzerkia, ipuin kontalariak, musika, bakarrizketak eta errezitaldiak.

Zehazki, Juan Luis Zabala, Alaine Agirre eta Alicia Ayalak emango dituzte hitzaldiak; komikiarekin eta poesiarekin lotutako jarduerak ere egingo dira, eta irakurketa-klubetan bi berrikuntza izango dira: nobela beltza, David Manganak gidaturik, eta irakurketa erraza, Elena Pirisen eskutik.

Bestalde, alkate Gorka Urtaranek, Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok eta Gasteizko Udaltzaingoaren arduradun nagusiek ongi etorria eman diete Udaltzaingoko etorkizuneko 32 agente berriei, zeinek kalifikazio onenak lortu baitituzte urte hasieran abiarazitako hautatze prozesuan —ia 1.400 hatagai aurkeztu ziren—.

Urriaren 16an ekingo diote udaltzain izateko prestakuntza-prozesuari, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian, administratiboki praktiketako funtzionarioak direlarik.

“Gasteizko Udaltzaingoak modernizatzeko eta herritarrentzako arreta hobetzeko asmo handiko planak ditu. Agintaldi honetan auzoko polizia indartzearen aldeko apustua egin dugu, eta duela gutxi genero-indarkeriaren kontra borrokatzeko unitatea zein adingabeena indartu ditugu. Egia da Gasteiz hiri segurua dela, Udaltzaingoari esker neurri handi batean, baina horrek ez du esan nahi ez dugula zer hobetu; besteak beste, herritarrekiko hurbiltasuna eta delinkuentzia mota berrien kontrako borroka”, nabarmendu du alkateak harrera egiteko ekitaldian.

Udaltzaingorako LEP hau hirian azken 6 urteetan egin den lehena da, eta horri gehitzen zaizkio berriki abiarazitako barne-sustapenerako prozesuak, suhiltzaileen kidegoaren errefortzua eta agintaldia amaitu aurretik Udaltzaingoa indartzeko egitekoa den deialdi publikoa.

Fotos

Vídeos