http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Unibertsitateetako ikasleak, Guggenheimera urte osoan zehar bost euroren truke

Museoak %75eko deskontua egingo du Ikasle Lagun txartelaren egungo prezioaren gainean

ELCORREO.COM

Guggenheimera urte osoan zehar bost euroren truke joan nahi? Ikaslea bazara, hori egiteko aukera daukazu. Museoak lankidetza hitzarmen bat sustatu eta sinatu du Euskal Herriko Unibertsitatearekin, Deustuko Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin, bere 20. urteurrenaren baitan. Akordio honi esker, hiru unibertsitateetako edozein fakultatetan matrikulatutako ikasleak Guggenheim Bilbao Museoaren Lagun izango dira, bost euroko kopuru sinbolikoaren truke.

Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak, Jose Maria Guibert Deustuko Unibertsitateko errektoreak eta Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao Museoko zuzendari nagusiak sinatu dute hitzarmena. Ekimenaren helburua unibertsitateko ikasleak museora hurbiltzea da. «Unibertsitate garaian jasotzen duten prestakuntza pertsonal nahiz akademikoa osatzen lagunduko die», adierazi dute akordioaren sinatzaileek. Modu honetan, museoak %75eko deskontua egingo du Ikasle Lagun txartelaren egungo prezioaren gainean -hogei euro urtean-, eta unibertsitateek konpromisoa hartu dute ekintza hori zabaltzeko, ikasleekin dituzten komunikazio kanalen bitartez.

Lagun gisa alta eman nahi duten unibertsitate ikasleek museoko Community deritzon mahaitik pasa, beren datuak eman, fakultateren batean ikasten ari direla egiaztatzen duen agiria aurkeztu eta bost euro ordaindu behar dute. Modu horretan, Museoaren Ikasle Lagun izatera igaroko dira automatikoki eta abantaila zabalak izango dituzte.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos