http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ukelelea

Ukelelea ez dut atsegin, besteak beste, goibel egoten ez dakielako instrumento horrek. Soinu alaiak baino ez dira ateratzen ukeleletik, neguko arratsaldeko tristuratik urrun, enpatia eskasa erakutsiz

Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Ukelelea ez dut atsegin, besteak beste, goibel egoten ez dakielako instrumento horrek. Soinu alaiak baino ez dira ateratzen ukeleletik, neguko arratsaldeko tristuratik urrun, enpatia eskasa erakutsiz. Oso modernoa da ukelelea, beraz, gaur egun goibel egoteak ez duelako inolako prestigiorik. Hobe da beti irribarretsu ibiltzea, hobe da gauza bitxiak esateko beti prest egotea, hobe da energiaz beterik egotea, eta hobe da hori dena sare sozialetan erakustea. Baina batzuetan tristurak harrapatzen gaitu, eta ezintasunak. Egun hauetan, adibidez, errealitateak ez digu mesederik egiten: apaizen eraso sexualak, Manada-ren auzia eta biktimaren sufrikarioa, haurrek bullyng salatzerakoan sentitzen duten lotsa eta beldurra… Zaila da tristura saihestea, ukelelek ez bezala, enpatia pixka bat sentitzen badugu.

Aste honetan, lar hitz egin da San Fermin jaietako biktimari buruz, epaileak ikertzaile pribatu batek egindako jarraipenaren berri ematen duen txosten bat onartu duelako prozesuan; aldiz, akusatuen portaera erakusten zuten zenbait whatsapp epaiketatik at geratu dira. Ez dugu Psikologia handirik ikasi behar neska hori nola sentituko den ulertzeko. Txosten hori aintzat hartzea legala izango da, baina ukelelek ateratzen duen soinu berbera dakarkigu: enpatia ezarena. Ondo legoke beste melodia bat entzutea, ez dakit... Erasoen aurrean ez genuke egon behar biktimen minari begiratu gabe, jai-giroan, ukelele jotzen. Ez ditugu legeak ezagutuko, baina gehienok ez genuke zarata handirik aterako sufritzen ari den pertsona baten etxean; gehienok ez ginateke trufatuko pertsona baten zorte txarraz; gehienok ez genuke zoriontasun-plantarik egingo kontsolamendu aurkitzen ez duen lagun baten alboan. Nahiko dute. Baina, zoritxarrez, gauzak ez dira beti gehiengoei gustatuko litzaizkigukeen modura gertatzen.

Kirmen Uribek idatzitako hurrengo bertsoak gogoratu ditut aste honetan: «Bitartean heldu eskutik, eskatzen zigun,/ ez dut promesarik nahi, ez dut damurik nahi,/ maitasun keinu bat besterik ez». Maitasun keinu bat, besterik ez, ukelelea kanpoan utzita.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos